Asteartean hasiko dira Astigarragako Santio jaiak. Arratsaldeko 19:00etan herritarrak udaletxeko plazan bilduko dira eta balkoitik jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa botako dute. Aurten Astigarte kultur taldea omenduko dute eta beraiek dira jaiei hasiera emango dien pregoia irakurriko dutenak. Aitor Jauregi eta Jaione Gaincerain, eskolan urte gehien daramazkiten ikasleak, dira horretarako aukeratuak. Luis Telleria hernaniarra da taldearen sortzaileetako bat eta adierazi du ´poza` sortarazi diela udaletxearen deiak eta ´ez zutela espero`.
Duela 27 urte sortu monjen eskolan
Astigarte duela 27 urte sortu zen monjen eskolan, orduan beste izen batekin. ´Monjen eskolan estraeskolar moduan eratu genuen eskola, eta debalde izaten zen. Guraso elkartearen ideia izan zen eta nik hartu nuen ardura hori` dio Luis Telleriak. Urte batzuk geroago, Udalak hartu zuen bere gain taldearen eskaintza: ´Duela 13 urte izan zen hori, monjen eskola desagertu zenean. Orduan jarri genion Astigarte izena taldeari`. Gaur egun 37 ikasle dauzkate, Astigarragakoak eta Hernanikoak gehienak, baina 50 izatera ere iritsi ziren: ´Normalean 25-30 izan ohi gara; aberastasun haundiena adin guztietako jendea daukagula da`. Gaur egun margoketaren teknika anitzak dute pisu haundiena Astigarten, baina beste teknika batzuk ere landu izan dituzte, taldea kultur adierazpen oro bultzatzeko sortu baizen: ´Garai batean eskultura ere eman genuen, eta diapositibak, grafismoa, kartela, buztina, materiko-paperiko eta beste hainbat teknika ere bai. Gaur egun udalak eskaintzen ditu hainbat kultur ikastaro, esaterako, egur taila, harria...`.
Margo lehiaketa Astigarragan
Astigartek margo lehiaketa antolatzen du Astigarragan urtero. Sei urtetatik aurrera, edozeinek hartu dezake parte, eta Gipuzkoa osotik etor-tzen dira margolariak. ´Maila nahiko altua izaten da eta aurten 74 lagun apuntatu dira`. Margolari gazteek kalean aritzeko ohiturarik ez dutelako hasi ziren lehiaketa antolatzen: ´Ikusi genuen maila ona zutela, baina lotsa ematen zien kalera ateratzeak. Lehiaketan ez bada, egun ere margolari gutxi ikusten dira kalean` dio Telleriak.
´Deskonektatzeko modu bat da eta oso giro ona dago`
Astigartek ikastolako azken pisuan du egoitza eta larunbatetan biltzen dira, 11:00etatik 14:00etara. Gazte eta ez hain gazte, oso giro ona daukate taldean eta herritarrak animatu nahi dituzte izena ematera, ´deskonektatzeko ere aparta baita margoketa. Denataz ahazten zara hiru orduz`.
Nekane Urretabizkaia (14 urte) «5 urte daramazkit eta paisajeak margotzea dut gustokoen.»..
. Ibon Jaurrieta (11 urte) «Larunbat goizetan izaten dugu klasea eta guk aukeratzen dugu zer margotu».
. Aitor Jaurrieta (14 urte) «Ondo marrazten nuela-eta, animatu ninduten klaseetan hastera, eta asko ikasten ari naiz»..
. Ander Lopez (15 urte) «Hemengo lehiaketan 2garren saria jaso nuen. Gustatuko litzaidake margolaria izatea»..
Aitor Jauregik eta Jaione Gaincerainek irakurriko dute pregoia
Santio jaiak uztailaren 24an, asteartean, hasiko dira, 19:00etan. Astigarteko Aitor Jauregi eta Jaione Gaincerain, biak hernaniarrak, izango dira pregoia irakurriko dutenak udaletxeko balkoitik. Aitorrek 20 urte ditu eta Jaionek 19; biak 9 urterekin hasi ziren eskoletan. Biak diote denborapasa dutela margotzea eta ikasketetan beste bide batzuk hartu dituzte. Jauregik, dena den, bi sari irabazi ditu Chillida-Lekuk antolatzen duen pintura lehiaketan, 2004an eta 2006an. Urte guzti hauetan ´oso gustora` aritu direla diote biek eta teknika asko ikasi dituztela. Pregoia idatzi gabe daukate, baina paletan oinarritua izango dela esan digu Luis Telleriak, ´koloreak nahasten ditugun bezala, jaietan pertsona guztiak armonian nahastu gaitezen`.