Tokiko Gobernu Batzarra lau kidek osatuko dute

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 20a, 02:00

Atzo bildu zen legealdiko lehen Tokiko Gobernu Batzarra eta lehen puntua batzarra bera eratzea izan zuten. Marian Beitialarrangoitiak, Jose Ignacio Arrietak, Idurre Lukasek eta Usoa Barrutiabengoak osatuko dute batzarra eta bilerak asteartero izango dira, arratsaldeko 18:00etan. Horrez gain, kontratazio mahaia ere izendatu zuten atzoko batzarrean.

Orain arteko eskumen berak

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait eskumen eta erabaki ahalmen izaten ditu eta Gobernu Batzar berriak orain arteko eskumen berak izango ditu legealdi honetan ere. Udalean normalean, eta salbuespenak salbuespen, gairik gehienak batzorde informatzaileetan eztabaidatzen dira, baina erabakia Plenoak, Gobernu Batzarrak edo Alkateak berak ematen die, gaiaren izaera eta garrantziaren arabera (Patronatuek beren funtzionamendua eta erabaki organoa dute). Gobernu Batzarrak eskumena du diru kopuru bat arteko obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzeko; obra, urbanizazio eta zerbitzuen zenbait proiektu onartzeko; kopuru bat arteko ondasun eta eskubideak erosteko; planeamendu orokorraren garapenerako tresnak onartzeko, Plenoari ez dagozkion heinean; bere ahalmenaren barruko gastuak baimentzeko; hirigintza eta obra nagusietako lizentziak emateko; eraikinak ruina egoeran deklaratzeko; langileak hartzeko probetako oinarriak onartzeko eta disziplina espedienteak irekitzeko eta abar. Orokorrean esate aldera, Udalaren funtzionamenduan, erabaki asko hartzen ditu Gobernu Batzarrak, eta gaiak bere eskumenari dagozkionak baino garrantzitsuagoak direnean, Plenoak onartu behar izaten ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!