Hernaniko lauterdiko txapelketa azkenetan da eta gaur hasiko dira final aurrekoak, infantil mailan. 12:00etatik aurrera, Ander Lopezek eta Eneko Lujanbiok, alde batetik, eta Jon Ander Elortzak eta Aritz Murgiondok, bestetik, neurtuko dituzte indarrak finalerako bi txartelen bila.
Bihar jubenilak eta nagusiak
Jubeniletako eta nagusietako finalak jokatuko dituzten pelotariak, berriz, biharko eta asteazkeneko partiduean ezagutuko ditugu. Bihar, goizeko 11:00etatik aurrera, lehen final aurrekoak jokatuko dira; jubeniletan, Eñaut Esnaola eta Aritz Otaegik jokatuko dute eta nagusietan Josu Oiagak (herenegun 22-8 irabazi zion San Sebastiani) eta Garikoitz Erroizeneak. Datorren asteazkenean ezagutuko dira azkeneko finalistak, bigarren final aurrekoak jokatuko baitituzte. 17:00etatik aurrera, Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte neurtuko dira jubeniletan, eta Unai Alvarez eta Paul Ojuel nagusietan.
Finalak larunbatean
Txapelketako hiru kategorietako finalak datorren larunbatean jokatuko dira, goizez, kiroldegian.
Aurre finalistak Infantilak: Lopez, Lujanbio, Elortza eta Murgiondo. Jubenilak: Esnaola, Otaegi, Arrieta eta Aizpitarte. Nagusiak: Erroizenea, Oiaga, Alvarez eta Ojuel.
Mendizabal II Zornotzan gaur
Oier Mendizabal pelotari hernaniarrak binakako partidua jokatuko du gaur Zornotzan. Retegi Birekin osatuko du bikotea, Saralegi-Rairen kontra jokatzeko. 17:00etan izango da partidua, Zornotzako Amorebieta IV frontoian. Mendizabal II momentu gozoan dabil; azken lau partiduak irabazi egin ditu, hiru Iruñeako Labriten eta bestea Zornotzan, eta joko biziagokoa erakusten ari da. Duela ez asko izandako gaixotasuna ahaztu duela dirudi: ´Ni hobeto nabil frontoian eta aurrera jo behar dudanean indar gehiagorekin iristen naiz` dio atzelariak.