Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariek elkar neurtuko dute gaur Kixkal tabernan

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 20a, 02:00

Morkaiko taldeak antolatutako saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Bertso saioak Santa Barbaran egingo den San Inazio eguneko festa girotzen hasteko helburua du.

Bertso saio berezia izango da gaur Kixkal tabernan, seguruenik elkarrekin askotan kantatu ez duten bi bertsolariren artean. Aitor Mendiluze ariko da batetik, Hernanirekin, eta batez ere bertso eskolarekin, harreman estua duen andoaindarra. Eta bestetik Iker Zubeldia zegamarra ariko da. Morkaiko taldeak antolatu du saioa, urtero San Inazio jaiak girotzeko helburuarekin egin ohi duen moduan.

Bi ahari talkan

Mendiluzeren eta Zubeldiaren saioak badu segurtasun maila haundiarekin aurrikusi litekeen zerbait, bizia izango dela. Biak dira erantzun azkarreko bertsolariak, eta Kixkalen sortzen den giroak laguntzen badu, jendearen irriparra eragiteko aho-bizarrik ez dutenak.

San Inazio egunerako festa ia prest dago Santa Barbaran

Gaurko saioa San Inazio eguneko festa girotzeko helburuarekin antolatzen du Morkaiko taldeak. Kronikari esan diotenez, ia prest dago uztailaren 31n Santa Barbaran egingo den festa, azken ukitu batzuk falta badituzte ere. Urteroko moduan, herri kirolak izango dira oinarrietako bat eta horretarako launa kideko bi talde neurtuko dira aizkoran, lokotx biltzen eta txingekin. Lehen taldea Larrabide, Larra, Aitor Barrenetxea eta zehazteko dagoen laugarren kirolari batek osatuko dute. Bigarren taldea Arbitza, Aitor Zabala, Ixtubi eta laugarren kirolari batek. Bertsotan Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz eta Antton Garin izango dira. Horrez gain, trikitilari, ume jolas, toka... izango da zertan gozatu. San Inazio egunean arrakasta haundia du Santa Barbaran bertan egiten den bazkariak. Morkaiko taldeak jakitera eman du astelehenean jarriko dituztela txartelak salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!