Hernaniko eta Kronika egunkariko lagun maiteak

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 18a, 02:00

Tailandiako iparraldetik, eta zehatzago Phayao eta Chiang Mai lurraldeetatik, eskerrik beroenak adierazi nahi dizkizuet, San Joan jaietan tonbolan parte hartu eta lagundu gaituzuen herritar guztioi, Jesusen eta Mariaren Bihotzaren misiolarien partetik eta gure proiektuari esker azken 42 urteetan onurak jaso dituzten gazteen partetik. Aurten 4.798 euro jaso ditugu tonbolan (220.700 baht.). Diru horrekin, Baan Marina fundazioak urte osoko lanbide heziketa ordaindu ahal izango du 20 gazterentzat, jantzigintzan. Horrez gain, beste behar batzuk ere asetuko ditugu, hala nola, gaixoei mediku asistentzia ematea, hirira lan bila datozen gazteei ostatu ematea, kartzelan eta baliabiderik gabe dauden pertsonei laguntzea eta egunero sortzen diren eta irtenbide azkarra behar duten beste hainbat arazo konpontzea ere. Zuen laguntzari esker, Jesusen eta Mariaren Bihotzaren misiolariak gure lanarekin jarraitu dezakegu, Tailandiako iparraldeko gazte behartsuenei laguntzen. Lan hau zuena ere bada, zuen elkartasunagatik. Bukatzeko, agur bat tailandiarrez: Sawadee, eta gure eskerrik beroena: Khob Khun Mak. Consuelo Garcia Jordan serora, Mariaren eta Jesusen Bihotzaren misiolaria
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!