Eguraldi txarrarekin ez, eta onarekin ere gutxi

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 18a, 02:00

Kronika Hernaniko denda batzuetan izan da eta aurtengo merkealdietan saltzea kostatzen ari dela jakin du. Dendarien arabera, eguraldi txarrarekin jende gutxi ibiltzen da, baina egun eguzkitsua ateratzen bada ere, jendeak planak egin eta herritik alde egiteko joera izaten du.

Hernaniko dendak merkealditan daude uztailaren hasieratik, eta Kronikak dendari batzuengana jo du, jakiteko batere mugimendurik izaten ari den ala ez. Jasotako ideia nagusia da pixkanaka jeneroa ateratzen ari direla, baina kostatzen ari dela jendea erakartzea. Eguraldi txarrarekin jende gutxi gerturatzen omen da dendetara, baina azken asteko eguraldi beroekin ere jendeak herritik alde egiten duela esan digute.

Aurreneko egunetan ondo eta astean zehar nahiko

Orain arte mugimendu gehien izan diren egunak aurrenekoak izan dira. Erosleek ez dute denborarik galdu nahi izan beherapenez aprobetxatzeko, eta ez dute utzi begiz jota zuten jantzi hori inork kendu diezaioten. Hala dio Mahuka dendako Nagorek: ´Nabaritu zen aurreneko egunetan jendea merkealdien zain zegoela erosteko. Gero, berriz, geratu egin da pixka bat salmenta`. Hori dela eta, eskaintza hobeak jarri ditu Nagorek dendan: ´Bai, normala da, %30arekin hasi ginen eta orain %50a daukagu jarrita. Gainera, udazkeneko eskariak ere iritsi zaizkigu eta dendan daukaguna atera behar dugu`. Ilargi dendako Mari Josek ere berdina dio: ´Aurreneko bi asteetan ibili da jendea, baina jada jaitsi da. Hala ere, hilabeteko hirugarren astea beti izan ohi da txarra`. Mari Josek astean zeharreko edozein egunetan larunbatean baino gehiago saltzen dela dio eta Mahuka dendako Nagorek ere bai, astean zehar jende gehiago dabilela. Koko’s zapata dendako Amaiak zehatzago jotzen du: ´astean zehar eta azken orduan etortzen dira hona behintzat. Plana egin eta gero, afaltzera joan aurretik badabil jendea`. Beste zapata denda batean merkealdi garaia ´gaizki` dijoala esan digute, Maiten, hain zuzen: ´Eguraldi txarrarekin sandaliak saltzeko gaizki. Orain, ona hasi duenerako, jendea zain dago ea merkeago jarriko ditugun. Aurten gutxi saltzen ari gara` onartzen du.

Eguraldiaren eragina

Galdetutako dendariek bat egin dute eguraldiaren arabera jende gehiago edo gutxiago izaten dutela esatean. Koko’s dendan argi daukate: ´Eguraldi beroa egiten badu, Plazan inor ere ez dabil`. Iritzi berekoak dira Mahuka dendako Nagore eta Ilargiko Mari Jose. Honek gaineratzen du eguraldi txarrarekin ere ez dabilela inor. Giro lainotsua da, beraz, erosketak egiteko aproposa. Hori bai, euririk gabe.

Kontsumitzaileek eskubide berberak

Osasun eta Gizarte ongintzarako Udal Patronatuko kontsumitzailearen informaziorako Udal bulegoak gogoratu du merkealdian kontsumitzaileak eskubide berberak dituela eta aholkuak nahi izanez gero, Sandiusterriko bulegora jo dezake kontsumitzaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!