Irakurketa gida kaleratu du Udal liburutegiak, liburutegiko irakurleen laguntzarekin, eta eskuragai jarri dute, kultur etxeko sarreran, liburutegian bertan, Ur parkeko udako liburutegian, eta kiroldegian. Bertan hirurogeitik gora liburu gomendatzen dituzte, generoaren eta orri kopuruaren arabera sailkatuta. Gidan azaltzen diren liburu guztiak liburutegian daude erakusgai eta, nahi izanez gero, maileguan eraman daitezke.
Tamainaka eta gaika sailkatuak
Liburuak, orri kopuruaren eta generoaren arabera sailkatuta azaltzen dira gidan. Lehenengo orri kopuruaren arabera sailkatu dituzte, lau atal ezberdinetan: Maletan lekua behar dutenak (500 orri baino gehiago), Poltsa batekin nahiko (300 inguru), Binaka eramateko (200 inguru), eta Patrikan bertan kabitzen dira. Atal horien barruan, koloreekin lagunduta, generoaren arabera zortzi ataletan banatu dituzte liburuak: eleberri beltza, eleberri erromantikoa, bidaiak eta esperientziak, eleberri historikoa, eleberri soziala, fantasiazko eleberria, olerkia eta narrazioa orokorrean eta ipuinak. Sailkapena horrela egin dute zerbait ezberdina egin nahi zutelako eta liburuak aukeratzerakoan, irakurleek tamainari begiratzen diotela konturatu direlako.
Irakurleek parte hartu dute
Irakurketa gidarako irakurleei laguntza eskatu zaie eta izartxo batekin markatuta aurkitu daitezke hauek proposatutako tituluak. Azken orrialdean hauek emandako hainbat arrazoi ere irakur daitezke. Hauek dira irakurleek hautatutako zenbait liburu: Los detectives salvajes, Portukoplak: itsas kantak eta poemak, El Testigo, Begirada bat Kubari, Manila Konexioa, Umeek gezurra esaten dutenetik, Velocidad Personal, Markak, El Ultimo encuentro, La Fortaleza de la Soledad, Bost ahizpa, Amaren eskuak, Belarraren ahoa, Eman Izar bat, ... Liburutegiak eskerrik beroenak eman nahi dizkie irakurleek egindako ekarpenari.