Karmen jaiek alaitasuna eman zioten kaxkoari atzo

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 17a, 02:00

Juli Ayerra izango da alkate berria datorren Karmen jaietara arte. Pineda harategiko Iñaxi, Benita eta Juan Manuel omendu zituzten baita ere. Arratsaldean, karta jokoak eta sardin jatea izan ziren.

Kaxkoan Karmen jaiak ospatu zituzten atzo, urtero bezala, uztailak 16 dituen egunean. Nafar kalean Amabirjina jarri eta egunean zehar kalea bizitzeko ekitaldiak izan ziren. Eguerdian Juli Ayerrak urte guztirako alkate titulua ematen dion makila hartu zuen eta gero, Pineda harategiko Iñaxi Erdoziak, Benita Urruzolak eta Juan Manuel Pinedak herritarren omenaldia jaso zuten harategi kanpoan, emozioz betetako ekitaldian.

Juli Ayerrak alkate makila hartu zuen jendetzaren aurrean

Eguerdian, jendetzaren aurrean, izendatu zuten Alkate berria Tilosetan. 12:00ak pasata, bere etxeko balkoian, Aukera kafetegi gainean, ageri ziren Juli Ayerra, iazko alkate Xanti Lujanbio Prailia eta Juanjo Uria, hizlari lanetan aritu zena. Uriak alkate berria izango denaren bizitza errepasatu zuen, ´Juliak aurkezpen haundirik behar ez duen arren`, eta kaxkoko azken bi alkateak gogoan izan zituen; Luis LLopìs eta Xanti Lujanbio. Ondoren, ekitaldira joandako haur eta helduak bertsotan jarri zituen, eta Juli alkate berriari eskainitako bi bertsoetatik lehenengoa kantatzen zen bitartean Ayerrak alkate makila eta bi muxu jaso zituen Xanti Lujanbiorengandik. Bertsoek dantzarien agurrari eman zioten pasu gero. Azkenik, makila eskuetan zuela, Juli Ayerrak eskerrak eman zizkien azaldutako denei eta musu asko bidali zizkien. Barre algarak sortarazi zituen bukaeran ondo portatzen ez denari ´makilarekin buruan emango diola` esaterakoan eta txalo zaparradak ondoren, balkoitik agurtzerakoan.

Pineda harategian omenaldia ondoren

Ondorenean, Pineda harategira mugitu zen jendea guztia, bertan Juan Manuel Pineda, Benita Urruzola eta Iñaxi Erdozia omendu behar baitzituzten. Juanjo Uriak, oraingoan mikrofonorik gabe, harategiaren gaineko hainbat argibide eman zituen eta Juliri bezala, joandakoek omendutako hirukoteari pare bat bertso kantatu zizkieten, eta agurra dantzatu ere bai bi dantzari gaztek. Lehenengo bertsoa Iñaxi Erdoziari zuzendua zijoan, harategia 1944an ireki zuen 92 urteko amonari, eta bigarrena haren seme Juan Manuel Pinedari eta Benita Urruzolari, harategian azken 37 urtetan lan egin dutenei. Lore sorta eder bat eman zioten bakoitzari eta ondoren Benitak hartu zuen hitza eta Andre kaleari izena eman zioten emakumeak izan zituen ahotan. Bere hitzaldia horrela bukatu zuen: ´ahal degun bitartean jarraituko degu kalean gora eta behera`. Nahikoa txalo egin zieten omenduei eta bukatzeko, Juli Ayerrak goxokiak bota zituen jende artera, Karmen jaiak inauguratutzat emanda.

Goizean haur jolasak; arratsaldean karta jokoak eta sardina jatea

Udalekuetako haurrak Kaxkoko kaleetan ibili ziren atzo goizean, jolasean, horretarako prestatutako 13 gunetan. 12 talde osatu zituzten begiraleek eta uztaiarekin, globoekin, arraunean, harrapaketan, oiloa, azeria eta sugean eta abar ibili ziren. 09:30etatik 11:30etara ibili ziren haurrak eta gero hamaiketakoa egin zuten Tilosetan eta alkate izendatzea ikusten izan ziren. Arratsaldean, karta jokoan aritu ziren auzotarrak. Eskola eta mus txapelketa kale Nagusian jokatu zen aurten, estreinakoz, baina izan ziren Kardaberaz kalean punttuan jokatu zutenak ere, giro onean. 20:00ak aldera sardina jatea eta sari banaketa egin zuten Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!