Karmen jaiek Kaxkoan joko dute gaur aldaba

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 16a, 02:00

Aurten ere Karmen jaiek beren tokia izango dute, Kaxko auzo elkarteak antolatuta. Txupinazoa 12:00etan botako dute eta Juli Ayerra Kaxkoko Alkate izendatu, bere etxeak Tiloseta aldetik duen balkoian. Ondoren, omenaldia egingo zaie Juan Manuel Pineda eta Benita Urruzolari, Pineda harategi aurrean.

Karmen eguna, Kaxkoko bizilagunen eguna izaten da eta gaurko ere egun guztiko festa antolatua du Kaxko auzo elkarteak, urtero egin ohi duen moduan. Diana, meza eta haurrentzako jolasen ondorenean izango da txupinazoa, eguerdian, eta Kaxkoko Alkate berria izendatuko dute Juli Ayerra, Kaxkoan eta Zinkoenea kioskoan bizitza oso bat igaro duen hernaniarra. Hernaniko plazan jaio zen Juli Ayerra, eta geroztik Kaxkoko beste zenbait etxeetan bizi izan da Kronikari nabarmendu dionez. Gaur egun Kale Nagusian bizi da, eta bertan emango diote Alkate makila, baina Tiloseta aldera duen balkoian. Xanti Lujanbio Prailiaren eskutik jasoko du Alkate makila, iazko Karmenetatik Kaxkoko Alkate bera izan baita.

Bezeroen txantxak
Kaxkoan sortzen dena festa polita izaten da, eta Juli Ayerrak kioskoko bezeroen txantxak ere entzun behar izan ditu, larunbatean argitaratutako elkarrizketarako Kronikari esan zionez: ´multak kentzeko ere eskatu didate`. Baina Juli berak ere umorez hartuko du Alkate makila eta festa zoriontsuak pasatzeko esango omen die bizilagun guztiei ´eta norbait gaizki portatzen bada makilarekin emango diodala`.

Ondoren, omenaldia
Ondorenean, omenaldia egingo zaie Juan Manuel Pineda eta Benita Urruzola senar-emazteei, 37 urtean Pineda harategian egindako lanagatik. Kronikari aitortu diote ez zutela gaurko omenaldia espero, baina polita dela berentzat horrelako errekonozimendua jasotzea. Urte asko eta asko harategian lanean pasa ondoren, jubilatuak dira biak eta lasaiago bizitzeko aukera izango dute aurtengo Karmen jaiak.

Karta jokoa, ohiturari segiz
Bazkaria Plaza Berrin izango da eta ondorenean karta jokoa, betiko moduan Kardaberaz kalean, eta aurten lehenengoz Kale Nagusian ere bai. Eskoban eta musean ariko dira eta bikoteek mistoak edo bi emakumezkoz osatuak beharko dute, ohiturarik ez galtzeko. Festari errematea sardina janak eta musikak emango diote, Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!