Triatloia, ‘Marine’ gogorrenaren proba

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 15a, 02:00

Ekhi Zubiria Etxeberria

Istorioak nabarmen uzten du, jatorritik, triatloia hiru kirolez osatutako proba dela. Aurreneko zatia igeriketa da. Gero, bizikletan aritu behar izaten da, eta korrika saio batekin ematen zaio bukaera lasterketari. Beti orden berean. Entrenamendu ordu asko eskatzen dituen kirol bat da. Hasierako urteetan ez zuen indar berezirik hartu. Baina gutxika-gutxika ezagunagoa egin zen eta 2000. urteko Sidney-ko olinpiadetan kirol olinpiko bilakatu zen. Ordutik aurrera, oihartzun handia lortu du eta geroz eta zale gehiago dauzka mundu osoan zehar. Bestalde, triatloi klub edo taldeak ere gehitzen doaz urtetik urtera. Frantzian, esate baterako, oso sustraitua dago eta Euskal Herrian ere kostaldeko herri askotan badago talderen bat. Hernanin bertan, badago kirol honetan aritzen den kuadrila bat, baina herrian talderik ez dagoenez, Donostia edo inguruko herrietara joan behar izaten dute, klub batean egon nahi badute behintzat. Triatloi proba dezente izaten dira hemen inguruan. Euskal Herriko zirkuitua eta txapelketa ere badaude. Gainera, Espainia eta Frantzian izaten diren probetan ere parte hartzen dute hemengo kirolariek. Eta gutxi batzuk, edo onenek, Europako eta munduko txapelketan parte hartzeko aukera izaten dute.

TRIATLOI MODALITATE EZBERDINAK:
Kirol honek bariante asko ditu. Hauek, probak duen distantziaren araberakoak izaten dira. Modalitate ezagunenak hauek dira: ñ Sprint distantzia: 750m igerian, 20km bizikletan eta 5km korrika. ñ Distantzia olinpikoa: 1500m igerian, 40km bizikletan eta 10km korrika. ñ Distantzia olinpiko bikoitza: 3000m igerian, 80km bizikletan eta 20km korrika. ñ Ironman-a: 3800m igerian, 180km bizikletan eta 42km korrika. Modalitatearen arabera, atal edo sektore batek garrantzi handiagoa izango du besteak baino. Adibidez, sprint distantzian, igeriketak asko kontatzen du eta Ironmanean bizikletak eta korrikak. Euskal Herrian gehien praktikatzen direnak, sprint eta olinpiko distantziako probak dira, 1-2 ordu inguruko lasterketak. Halere, beste modalitateetan dabilen jende asko dago. Hernaniko triatloilariak ere, gehienbat, distantzia motzetan aritzen dira. Hauetariko bat dugu Peru Alfaro; kirol honetan daramatzan bi urtetan emaitza onak lortzen ari den gaztea.

Informazio gehiago:

http://www.triatloi.org

http://www.triatlon.org

Egitaraua
Uztailak 21. Plentziako Akuatloia.
Uztailak 22. Barakaldoko Triatloia.
Uztailak 22. Gasteizko Triatloi Bikoitz Olinpikoa.
Uztailak 28. Bakioko XTerra Trikrosa.
Irailak 9. Zierbenako Portuko Triatloia.
Irailak 15. Lasarte-Oriako Duatloi Krosa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!