Hernaniko lauterdiko txapelketako final-laurdenak jokatuko dira gaur, bihar, astelehenean eta asteazkenean, kiroldegiko frontoian. Maila haundiko txapelketa da aurtengoa, bereziki nagusi mailakoa, eta horretarako izenei begiratu besterik ez dago.
Gaur, arratsaldeko 15:30etatik aurrera hiru partidu izango dira: Infantil mailan, Etxenike Murgiondoren aurka eta Artola Elorzaren aurka. Nagusi mailan berriz, Erroizenea eta Yuberok neurtuko dituzte indarrak.
Bihar, igandea, 11:00etatik aurrera: infantil mailan Lujanbio Leoneten aurka ariko da eta Lopez Urkizuren aurka. Jubenil mailan, Arrieta Zapiainen aurka ariko da.
Etzi, astelehena, 17:00etatik aurrera: jubenil mailan Otaegi Garmendiaren aurka ariko da eta nagusi mailan Oiaga San Sebastianen aurka eta Esnal Ojuelen aurka ariko dira.
Asteazkenean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera: jubenil mailan Pagolak Aizpitarteren aurka jokatuko du eta Esnaolak Lizeagaren aurka. Nagusi mailan, Alvarezek Aldazabalen aurka jokatuko du.
Oier Mendizabal Labriten
San Fermin torneoko finala jokatuko dute gaur Labriten Gonzalez-Barriolak eta Xala-Lasa IIIk, iluntzeko 22:15etan hasiko den jaialdian. Jaialdiko lehen partiduan Oier Mendizabal atzelari hernaniarra ariko da Aratz Mendizabal lagun duela, Berasaluze IX eta Elkororen aurka. Oierrek joan den ostegunean jokatu zuen Labriten, Saralegi aurrelari zuela Berasaluze eta Naldaren aurka eta erraz irabazi zuten, 22-7. Oier Mendizabalek partidu dotorea jokatu zuen eta badu motiborik gaur motibatuta irtetzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!