«Bartzelonan domina lortzea dut helburu»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 14a, 02:00

Nola ikusten duzu Espainiako txapelketa? Denboraldi osoko prestakuntza horri begira egiten da eta horregatik joango gara aste osorako Bartzelonara, kontzentratu eta gogor entrenatzera. Garrantzitsua da guretzat emaitza on bat lortzea.

Zein da zure helburua?
Nire helburua 50 metro librean domina lortzea da. Aste Santuan egindako txapelketan laugarren geratu nintzen eta hori hobetuz gero, pozik geratuko naiz. Gehienez bigarren geratuko naiz, lehen postuan Maria Jesus Palacios madrildarra sartuko baita ziurrenik. Hori bai, seigarren ere geratu naiteke, gure arteko aldeak txikiak baitira.

Euskadiko errekorra hobetzeko aukerarik ikusten duzu?
Euskadiko errekorra ezin dut berriro hobetu Bartzelonan, marka hark 25 metroko igerilekurako bakarrik balio baitu. Bartzelonan 50 metroko igerilekuan ariko gara.

Euskadiko errekorra hobetzea kontuan izateko zerbait da, ezta?
Bai, pozik nago, Euskadin eta 25 metroko igerilekuan, 50 metro libreak 26 segundu azpitik egin dituen lehena izan naizelako. Urte batzuk bazeramatzan errekorrak hobetu gabe gainera.

Gaur Ordizian izango zara.
Bai, Euskadiko txapelketa izango dugu, baino datorren asteko probei ematen diegu garrantzia. Gaurko eta biharko konpetizioek nola nagoen jakiteko balioko didate.

Zer moduz zabiltza Bardulia taldean?
Ongi, aurten estatu mailako 1. mailan mantendu gara, nesketan. Bidasoa bakarrik dago gure gainetik, ohorezko mailan. Gipuzkoan maila ona genuen igerilariak gaude taldean eta hori ondo dago talde gisa lehiatzeko. Txarrena da bakoitza punta batekoa izanda, ez dugula elkar asko ikusten.

Non entrenatzen duzu?
Nik Fortuna taldearekin, Donostian, eta taldeko beste neskek, Ordizian, Tolosan...

Denboraldi hau bukatzear dago. Hurrengorako ze asmo duzu?
Beti esaten dut utzi egingo dudala, baina orain ere jarraituko dudalakoan nago. Errendimendu Altuko Zentro bat jarriko dute Anoetan (Donostia) eta han entrenatzea proposatu didate. Gustatu zait ideia, emaitza hobeak lortu ahal izango ditudalako, eta litekeena da jarraitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!