Bruselatik Hernanira, Florentino Goikoetxea mugalariari esker ona erakustera

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 13a, 02:00

Britainia Handiko 35 pilotuk espedizio luzea bukatu zuten atzo Osiñagan, Hernaniko mugalariei omenaldia egiteko. Beraiekin, II. Mundu Gerrako bi pilotu izan ziren. Goikoetxea zenaren familiari oroigarria eman zioten eta lore koroa jarri zuten oroigarrian.

Ezohiko irudiak ikusi ahal izan genituen atzo Osiñaga auzoan, eguerdi partera. RAF (Royal Air Force), aireko indar armatu britaniarreko 35 kide Florentino Goikoetxeari eta Comete sarean lagundu zuten beste mugalari hernaniarrei omenaldia egitera etorri ziren, Osiñagan beren omenez dagoen oroigarrira. Jakina da mugalariek 200dik gora pilotu britaniarri lagundu zietela naziek okupatutako frantziar lurraldetik ihes egiten, eta britaniarrek ederki azaldu diete hau militar belaunaldi berriei. RAF-eko 35 kideak Bruselatik atera ziren uztailaren 2an eta Frantzia osoa (1.000 km.) bizikletan pasa eta gero, Urruñatik Hernanirainoko bidea oinez egin dute, Pirineoak pasata, noski. Comete sareak salbatutako pilotuak egin beharreko ibilbide berdina egin nahi izan dute. Al Green eskuadroiko liderrak Kronikari esan zionez, gogorra izan da: ´hauek nekea adierazten zutenean esaten nien, mundu gerran, urrian eta erropa egokirik gabe pasa zutela, eta aurrera jarraitzen genuen`. Hala ere, onartu zuen Pirineoak ´ondo latzak` direla. Espedizioko kideen zain, Osiñagako hamar bat bizilagun zeuden, tartean Goikoetxea familiko Pedro eta Joxan. Hauek egin zieten harrera britaniarrei, bereziki Joxanek, ingelera hitz egiten duelako.

II. Mundu Gerrako bi pilotu ere Osiñagan

Florentino Goikoetxeak bere garaian mugaz alde honetara pasatako bi pilotu britaniar ere etorri dira hona, hori bai, furgonetan. Bob Frost eta Gordon Mellor dira bi pilotu horiek, eta bai batak eta bai besteak mugalariei buruzko hitz onak izan zituzten. Frost Wellington multzoko kidea zen eta hegazkinetik tiro egitea zen bere eginbeharra. Mellor, Halifax multzokoa, kopilotoa zen, mapak irakurtzen zituen kopilotoa.

Lore koroa, Britainia Handiko ereserkia eta minutuko isilunea

Espedizioa 14:00ak aldera iritsi zen Osiñagara, binaka eta ´nekatuta`, eta beraiekin zeramaten Mundu Gerran orduko gerra gizonek erabilitako Britainia Handiko bandera. Iritsi bezain laister, atsedena hartu zuten eta Frost eta Mellor ekarri zituen furgoneta etorri arte itxaron zuten. Beteranoak ailegatzean, ekitaldia hasi zuten eta eskuadroi buruaren hitzen ondoren, minutu bateko isilunea egin zuten. Lore koroa ere jarri zuen monumentuan uniforme ofiziala jantzitako soldadu batek, mugalarien omenez, eta ondoren familiari oroigarri bat ere eman zioten. Ekitaldia bukatzeko, Joxan Goikoetxeak God Save the Queen eta Hegoak Ebaki Banizkio abestiak jo zituen, akordeoiarekin, joandakoen txalo artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!