Militarrak beren maniobrak egiten ibiliko dira gaur, Andoain eta Hernaniko lurretan, Adarra, Oindi eta Latxe inguruan, atzo arratsaldean Hernaniko Alkatetzak jakin ahal izan zuenez. Estatuko Administrazio Nagusitik bidalitako fax baten bidez jaso zuten jakinarazpena Udalean, gaur Loiolako Tercio Viejo de Sicilia 67 zenbakiko unitatea Hernaniko lurretan ibiliko dela eta Hernaniko Kronikari jakinarazi dio Alkatetzak berak. Gaurkoa ez da militarrak azken aldian Hernani zapalduko duten aldi bakarra, asko ez dela, kalean bertan ibili ziren, Zinkoenea eta Antziola inguruan, besteak beste. ´Ez dira ongi etorriak eta onartuak` Alkatetzak Kronikara bidalitako prentsa ohar batean azpimarratu du beren presentzia ez dela ´ez ongi etorria eta ezta onartua ere eta gure herria betirako utz dezatela nahi dugu`. Alkatetzak herritarrei dei egin die ´derizkioten prekauzio neurriak` hartzeko, ´armatutako jendea gure herrian gora eta behera` ibiliko dela eta. Udal ordezkarien hitzetan, ´gure kaleek, auzoek eta mendiek jasaten duten okupazio militarra Euskal Herriak jasaten duen askatasun faltaren eta erabakitzeko eskubide faltaren beste adibide bat da, eta beren presentzia hutsarekin herritarren elkarbizitza alteratzen dute`.