Udal batzordeak, soldatak eta dietak erabakiko ditu gaurko Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 12a, 02:00

Udal antolakuntza zehaztuko duten gai asko eztabaidatuko ditu gaurko Plenoak. Arratsaldeko 19:00etan izango da.

Pleno mamitsua izango da, inbestidura ondoren, legealdiko lehena izango den hau, gaur arratsaldeko 19:00etan. Izan ere Udal antolakuntzan garrantzia haundia duten gaiak zehaztu ohi dira lehen pleno honetan. Lehen puntuan Alkateordeak izendatuko dituzte eta Tokiko Gobernu Batzarra osatuko duten kideak ere izendatuko dituzte, besteak beste. Horrez gain, Batzorde informatzaileak zehaztu (lehengoak mantendu edo berriak sortu) eta funtzioak emango zaizkie. Batzordeak sortu arren, gaurko Plenoak ez ditu erabakiko batzorde bakoitzeko buru edo arduradunak.

Udalak parte duen erakundeak eta plenoen maiztasunak
Ongintza Patronatua, Kirol Patronatua, Hernaniko Industrialdea SA, CEEI Bic Berrilan SA, AƱarberko Mankomunitatea, San Markos Mankomunitatea, Behemendi eta Euskal Fondoa erakundeetan Udalbatzak izango dituen ordezkariak ere erabakiko ditu gaurko plenoak. Plenoak zenbatean behin egingo diren ere plenoko gaietan dago.

Soldatak, dietak eta diru kopuruak
Gaurko plenoak erabaiko duen beste gaietako bat liberatuen soldatena izango da. Gobernu taldetik erabat edo parte batean Udal lanerako liberatzen diren Alkatea eta zinegotzien soldatak erabakiko dituzte, beraz. Horrez gain dietak ere gaur erabakiko dira eta Udal talde politiko bakoitzak jasoko duen diru kopurua ere bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!