Plenoa izango da bihar Udaletxean, arratsaldeko 19:00etan eta bertan zehaztuko dira Udal karguak, Gobernu Batzarrean parte hartuko duten kideak, batzorde informatzaileak, Ongintza eta Kirol Patronatuetako zuzendaritzak eta abar luze bat. Udala parte den Hernaniko Industrialdea, CEEI BIC Berrilan, Añarbeko Mankomunitatea, San Markos Mankomunitatea, Behemendi eta Euskal Fondoko ordezkaritza ere izendatuko dute biharko plenoan eta baita Plenoen maiztasuna ere.
Soldatak eta dietak
Inbestidura saioko plenoaren ondoren legegintzaldiko lehen plenoa izango den honetan, zehaztu beharko dituzte Udalbatzako kideen soldatak, asistentziak eta dietak eta Udal talde politikoentzako diru kopuruak. Horrez gain, erabateko dedikazioa eta dedikazio partziala izango duten zinegotziak izendatuko dituzte eta soldatak zehaztu.