Astelehenekoa ez da lehen omenaldia izango zuentzat.
Ez, harategia utzi genuenean gure bezeroek omenalditxo bat egin ziguten; afari bat egin genuen 50 lagunekin eta larrosa sorta bat ere oparitu ziguten, 37 larrosekin, harategian egon garen urte bakoitzeko bat. Horrez gain, Laguardiako hotel batean egun batzuetako egonaldia ere oparitu ziguten. Oso eskertuak gaude; ez genuen espero eta emozio haundikoa izan zen hura. Horrez gain, Ozenki abesbatzak ere sorpresatxoa eman zigun; lanean ari ginela etorri eta bertso batzuk kantatu zizkiguten. Harategian zeuden bezeroak zain egon behar izan zuten ordubete inguru, eta egon egin ziren. Harategia uzteko modua izan zitekeen onena izan da, eta sekulako satisfakzioa eman digu horrek. Asteleheneko omenaldia ere ez genuen espero; baina polita da beti ere errekonozimendua jasotzea.
Bezeroekin egindako
harremana berezia
izango da orduan...
Bai, zalantzarik gabe. Horrenbeste urtetan harreman sendoak egitera iristen zara eta bezeroak oso ondo ezagutzen dituzu. Brometan esan ohi dugu apaizaren papera betetzen dugula, bezero bat baino gehiago konfesatu egin izan zaigu eta ia. Guk esaten dugu bezeroekin zorte haundia izan dugula; oso jende jatorra etorri zaigu harategira eta oso leialak gainera. Udaran hiru hilabete ixten genuenean beldur izaten ginen ez ote ziren bueltatuko, baina han izaten genituen beti. Batzuekin laguntasun haundia egin dugu; kalera ateratzen garenean herritar askorekin hitz egiten geratzen gara. Lan kontuan ere bakoitzaren maniak ezagutzen ditugu eta azkenean ia harreman pertsonalizatua izaten genuen.
Bi gaztek harategiarekin jarraitzeak ere satisfakzioa emango dizue, ezta?
Bai. Hauek daukaten sasoia ikusteak, batez ere. Harategiko lana gogorra da eta denda itxiz gero ere, ordu asko sartu behar izaten dira. Gu egunero 23:00-00:00ak aldera ateratzen ginen handik, produktuak prestatu, harategia txukundu... lan asko daude egin beharrak. Orain, nahi gabe ere, pendiente gaude ea gazteek bezeroak gustora izango dituzten. Badakigu ondo egingo dutela, baino horrenbeste urtetan egunero harategian lan egin eta gero, ezin dugu burutik kendu. Bestalde, gazteek produktu berri asko jarri dituzte eta aire berri bat eman diote harategiari.
Denbora asko izango duzue libre orain. Zer moduz zabiltzate?
Oso ondo. Orain ibiltzera joaten gara maiz, eta bi ordu inguruko bueltak ematen ditugu, lasai-lasai. Hori berria da guretzat. Bestalde, Juan Manuelek hainbeste gustatzen zaion txirrindularitza ikusteko aukera badauka.
J.M.: Bai, Tour-era joateko ilusioa daukat gainera, pirineotan pare bat egun pasatzekoa. Nire bi zaletasunak txirrindularitza eta pelota dira eta orain arreta gehiago eskaintzen diet.
37 urte pasa dituzue Kardaberaz kalean. Asko aldatu al da kalea?
Bai, asko aldatu da. Lehen lokal guztiak irekita zeuden eta janari denda ugari zeuden. Orain, berriz, 15 bat lokal izango dira itxiak eta horrek asko eragiten du kaleko mugimenduan. Usaia ere ekarri du lokalak hutsak izateak..Denda asko izateak giro ona ematen zion kaleari. Orain, berriz, dendak zailagoa dute merkatuan lehiatzea; zentro komertzialak direla, aparkalekurik ez dagoela...
Gero eta jende gehiago ari da zentro komertzialen aldeko hautua egiten: dena batera erosten dute, haurrek jolasteko lekua daukate, aparkaleku egokiak eta abar. Irtenbide zaila duen arazoa da, baina zerbait egin behar da hori gelditzeko.
Urte guzti hauetan, nola gogoratzen dituzue Karmengo jaiak?
J.M.: Orduko jaiak andre kaleko denden eta tabernen artean antolatzen genituen, bakoitzak ahal zuena ematen eta aurrekontu txikiarekin. Zapa kaleak eta Kardaberazek iskina egiten duten horretan, ultramarinos-a zegoen, eta hango Antton Urruzola ibiltzen zen saltsan; handik eta hemendik zerbait lortu, xox batzuk jarri, eta horrela antolatzen ziren jaiak. Juan Martin Lonbide, Kaxkoko lehen Alkatea izan zena, ere ibiltzen zen antolatzen, Martin Idarreta, Kixkillutarrak...
Gogoratzen naiz, haurrentzako joko ugari izaten zirela: rompeputxeros-a, zinta jokoa, aro jokoa, bizikleta karrerak, eta abar. Horrelakoak ziren orduko jaiak, haurrentzat bereziki. Gauean, dantzaldia ere izaten zen, Deportibo atzean.
Geroago, 50garren hamarkada bukaeran, pelota partidua ere antolatu zuten eta Burgosko Pascual II ekarri zuten orduko txapelduna zen Hilario Azkaraterekin batera jokatzera. 50ko hamarkadan izan ziren Karmengo jai onenak, niretzako behintzat. Gero, badakizu zer gertatzen den, antolatzen ibiltzen denak uzten du eta akabo.
Nola pasako duzue
astelehenean eguna?
Ez dakigu. Omenaldia baino lehen Tilosetara joango gara Juliren omenaldia ikustera eta gero harategira, han egingo baitigute omenaldia. Bazkaltzera etxera joango gara ziurrenik, nire ama (Juan Manuelena) zaindu behar dugulako. Arratsaldean, kartetan jokatzera behintzat ziur jaitsiko garela.