Florentino Goikoetxea mugalari zenari omenaldia egiteko asmoz, berrogei abiadore britaniar etorriko dira bihar Hernanira, RAFek antolatuta (Britaniar Indar Armatuetako Abiazio Adarra). Eguerdiko 12:30etan egingo diote omenaldia Osiñagan, Hernaniko mugalarien omenez egindako eskultura parean. Ondorenean Florentino Goikoetxearen jaiotetxera egingo dute bisita, Altzuetara. Altzuetan sagardoa dastatu eta Elorrabin izango dute bazkaria, 15:00ak inguruan.
Gaur Urruñatik Oiartzuna
Gaur, Ziburuko hilerrian dute bisitatzekoa Florentinoren hilobia eta goizeko 11:00etan hasita Urruñako Bidegain baserritik Oiartzungo Sarobe baserrirako bidea egitekoa dute, mugalariek egiten zuten bide bera. Oiartzunen ekitaldia egingo dute ondorenean.