Udalak 9 batzorde izango ditu atzoko Plenoak hala erabakita, horietatik hiru erabat berriak

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 13a, 02:00

Presoen Batzordea, Hernani 2020 Batzordea, eta Parte Hartze Batzordea izango dira berriak. Zenbait batzorde desagertu egin dira eta batzuk elkartu. Plenoak ia bi ordu iraun zituen.

Plenoa izan zen atzo udaletxean eta luze jo zuen, arratsaldeko 19:00etan hasi eta ia 21:00ak arte. Zortzi puntu ziren eztabaidarako, guztiak Udalaren antolamenduari dagozkionak. Marian Beitialarrangoitia Alkateak jakitera eman zuen Alkateorde Juan Ignacio Arrieta eta Idurre Lukas izango direla eta Tokiko Gobernu Batzarra osatuko dutela berak Arrietak, Lukasek eta Usoa Barrutiabengoak.

Bederatzi batzorde informatzaile

Batzorde informatzaileen sorrerak eztabaida sortu zuen atzoko plenoan. Zenbait batzorde elkartu egin dira bakarrean Gobernu Taldearen hitzetan ´lotura dutela uste dugulako eta sinergiak bilatu behar direla beren artean`: Pertsonala eta Udaltzaingoa batetik eta Hezkuntza, Kultura eta Euskera bestetik. Bai PSE-EEk, bai EAJk, bai EAk, eta bai EB-Aralarrek azpimarratu zuten batzorde haundiegiak izan litezkeela hauek agian gestionatzeko, baina proba egin eta aurrerago baloratzearen alde agertu ziren. Hiru batzorde berri ere sortu dira: Presoak, Hernani 2020 eta Parte hartze Batzordea. Presoen Batzordeari dagokionez, oposizioko PSE-EE, EA, EAJ eta EB-Aralarreko kideek nabarmendu zuten egokiagoa ikusten zutela Giza Eskubideen Batzordea sortzea, eta bertan presoez gain, biktimak eta bizkartzaina eraman behar duten pertsonen egoera ere sartzea. Gobernu Taldeak bere proposamena mantendu zuen, baina konpromezua hartu zuen hurrengo plenora EAren proposamena eramatekoa, Giza Eskubideen Batzordea sortzeari buruzkoa. Horrez gain, Beitialarrangotiak nabarmendu zuen Batzorde hauek ez dutela legealdi guztirako zertan izan eta proposamenak entzun eta aztertzeko konpromezua hartu zuen.

Ordezkaritza

Ongintza Patronatua osatuko dute: EAEtik Izaskun Ezeizak, Juan Ignacio Arrietak, Usoa Barrutiabengoak eta Idurre Lukasek; PSE-EEtik Jose Ramon Chicak; EAJtik Andoni Amonarraizek; EAtik Iñaki Arratibelek; EB-Aralartik Beatriz Fernandinok eta PPtik Maria Luz Angladak. Lehendakaria Izaskun Ezeiza izango da. Kirol Patronatua, berriz: EAEtik Izaskun Txintxurreta, Unai Erroizenea, Juan Karlos Plazaola eta Marian Beitialarrangoitiak; PSE-EEtik Jose Perezek; EAJtik Andoni Amonarraizek; EAtik Iñaki Barriok; PPtik Maria Luz Angladak; eta EB-Aralartik Beatriz Fernandinok. Horrez gain, Udalak parte hartzea duen erakundeetako ordezkaritza ere erabaki zen gehienean, bozketa askoren ondoren: Hernaniko Industrialdean Plazaola izango da ordezkarietako bat eta bigarrena erabakitzeko geratu da; BIC Berrilanen ere Plazaola izango da ordezkari bat eta bestea erabakitzeko geratu da; Añarbeko Mankomunitatean Unai Erroizenea izango da ordezkari bat eta bestea aurrerago erabakiko dute; San Markos mankomunitatean Unai Erroizenea eta Beatriz Fernandino izango dira ordezkariak; Behemendin Izaskun Txintxurreta; Euskal Fondoan Usoa Barrutiabengoa; eta Aiako Harria Patronatuan Izaskun Txintxurreta.

Alkate eta zinegotzien soldatak jaitsi dituzte

ATzo denborarik gehien bereganatu zuen puntua zinegotzien soldata, eta dieten ingurukoa izan zen eta azkenean azken puntuak ezabatu eta hori biltzen duen dekretua puntuz puntu eztabaidatu zuten. EAEko ordezkariek proposatu zuten Alkate eta zinegotzi liberatu oso eta partzialen soldatak jaistea eta onartu zen, EAEko 8 botoak alde eta 9 abstentziorekin. Beitalarrangoitiak azpimarratu zuen berak ez dutela dirurik egin nahi Udalean, eta soldatak berak utzi behar izan dituzten lanen parekoak izatea nahi dutela eta proposamena hortik egin dutela ´ondo hausnartuta`. Alkatearen soldata 35.210 euro bruto izango da (orain arte 58.404 euro zen); zinegotziena, liberatu osoa bada, 30.843 euro (orain arte 52.563 euro zen) eta partziala bada, hortik dagokion partea. Batzordeetara joateagatik eta batzordeetako buru izateagatik politikoek kobratzen dutena ezabatzearen aldeko proposamena egin zuen Gobernu Taldeak eta orain arte bezala jarraitzeko proposamena izan zen oposiziotik. Orain arte bezala jarraituko dute, oposizioko 9 botoekin: Batzordera joateagatik 66 euro kobratuko dute zinegotziek; Patronatuetako zuzendaritzatara joatea ere 66 euro; gobernu batzarrera joatea 99 euro; Plenora joatea 125 euro. Batzordeetako edo Patronatuetako buru denak 642 euro kobratuko ditu hilean.

BATZORDEAK

Zerbitzu Publikoak, Merkataritza eta Turismoa.

Hirigintza eta Ingurugiroa.

Pertsonala eta Udaltzaingoa.

Ogasuna eta Ondarea.

Hezkuntza, Kultura eta Euskera.

Politika soziala.

Presoak

Hernani 2020

Parte hartzea.

PATRONATUAK

Ongintza Patronatua.

Kirol Patronatua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!