Alkate makila Julia Ayerrak hartuko du eta omenduak Juan Manuel Pineda eta Benita Urruzola izango dira

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 11a, 02:00

Goizetik iluntzera arteko festa izango da aurten ere Karmen jaietan. Aurtengo berritasuna da karta jokoak Kardaberaz kalean eta Kale Nagusian izango direla.

Karmen jaiak datorren astelehenean egingo dira Kaxkoan, urteroko ohiturari segiz. Goizean goiz hasiko da festa dianarekin eta iluntzean bukatuko, ohitura bihurtu den sardina jana eta musikarekin. Tartean izango da zertan gozatua.

Julia Ayerra Alkate berria
Txupinazoa eguerdiko 12:00etan izango da eta ondorenean izendatuko dute urte osorako Kaxkoko Alkate berria. Julia Ayerrak jasoko du Alkate makila, Xanti Lujanbioren eskutik. Ohiturari segiz, bere etxeko balkoi edo leihoan jasoko du Alkate makila Julia Ayerrak, Kale Nagusia 11n. Baina, Tiloseta aldetik duen leiho edo balkoian jasoko du eta Tilosetan elkartzen den jendeari begira.

Pinedako harakinei omenaldia
Karmen jaietan Kaxkoko alkatea izendatzeaz gain, omenduak ere izaten dira. Aurten jubilatu berri diren Pineda harategiko kideak omenduko dituzte: Juan Manuel Pineda Erdozia eta Benita Urruzola Izagirre senar-emazteak. Hauez gain, Kaxko auzo elkarteak bereziki omendu nahi du Inaxi Erdozia Iribarren, Juan Manuelen ama, bera izan baitzen senarrarekin batean harategia ireki zuena, 1944an. Inaxi Erdoziak 91 urte ditu gaur egun.

Karta jokoak Andre Kalean eta Kale Nagusian
Karmenetako bereizgarrietako bat kaleko karta jokoena izaten da eta aurten Andre Kaletik zabaldu egingo dute Kale Nagusira ere. Eskoba jokoan Andre Kalean ariko dira eta musean Kale Nagusian.

Urteroko festa
Karmenetan auzotarrentzat pentsatutako festa izaten da, baina gainerako herritarrek ere ez dituzte ateak itxita eta hartzen dute parte. Goizean diana eta meza izango dira eta geroxeago jolasak, udaleku irekietako haur eta monitoreekin. Bazkal aurretik trikitixa izango da kalean barrena eta eskaparate lehiaketa egingo dute auzoko komertzioetan. Herri bazkaria, berriz Plaza Berrin izango da, eguraldiak nahi badu (gainontzean Txantxangorrin), eta txartelak salgai daude dagoeneko Haizea kortsetegian eta Jaione Konjelatuetan, 15 eurotan. Hauez gain Migel Lujanbiok ere salduko ditu kalean eta baita Kaxkoko lepoko zapi eta banderolak ere ´jendeak balkoi eta leihoak apaintzeko`. Inulabarrean, berriz, sardina jana izango da Plaza Berrin, musika eta guzti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!