Bustita, baina giro onarekin, esan dute agur aurtengo San Ferminak Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 8a, 02:00

Sirimiria izan arren, jende mordoxka bat bildu zen auzora eguerdian. Aizkoran, bikotea nagusi. Arratsaldean eguzkiak bisitatxoa ere egin zuen Bengoetxea-Errandonea trikitixan irabazten ikusteko.

Euriarekin bukatu ziren Martindegiko San Fermin jaiak atzo, baina busti arren, sirimiriak ez zuen oztopatu egunerako iragarrita zeuden ekitaldiak egitea. Eguerdiko herri kirolak Oialumeko dantzaleku barruan egin ziren, hori bai, eta ez Zelaia sagardotegiko plazan, pentsatuta zegoen bezala. Bertan, Aimar Irigoien harrijasotzaileak erakustaldi polita egin zuen, eta aizkolari apustua ere izan zen.

Aizkoran, Etxeberriak eta Otaegik Arrospideri irabazi

Eguerdiko jaiari Aimar Irigoienek eman zion hasiera. 125 kiloko harriari 20 altxaldi eman zizkion minutu eta 25 segundutan. Altxa-utzi, altxa-utzi, jostailua zirudien Aimarren eskuetan harri kozkorrak. Ondoren, aizkolarien txanda izan zen eta, speaker-ak azaldu zuen bezala, 12 enbor 20 minutuan moztea zuten erronka Etxeberria-Otaegi bikoteak, alde batetik, eta Anjel Arrospide aizkolari beteranoak, bestetik. Ez batzuk ez besteak ez zuten hori lortu, baina bikoteak ez zuen pena haundirik hartu irabazi egin baizuen apustua, lanak 21 minututan eginda. Arrospidek minutu bat gehiago behar izan zuen. Ondoren, Aimar Irigoienen txanda iritsi zen berriro, eta bi minututan 125 kiloko harri laukiarekin zenbat altxaldi eman, hori zen oraingoan proba, eta Irigoienek 15 eman zizkion. Agur bezala, eta atseden pixka bat hartu ondoren, morrosko erezildarrak 100 kiloko zilindrikoa hartu eta buelta eman zion plazari, txalo artean. Bazkaldu aurretik, Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertsoak kantatu zituzten.

Bengoetxea eta Errandonea, trikitilari onenak

Arratsalderako eguraldiak altxa zuen baina hala ere dantzaleku barruan egin zuten trikitilari txapelketa, badaezpada. XI. trikitilari txapelketa honetan Eneritz Bengoetxea donostiarra, soinuarekin, eta Edurne Errandonea andoaindarra, panderoarekin, izan ziren onenak. Luze joan zen atzoko txapelketa. Sei bikote parte hartzaileek hiruna pieza jo zituzten; trikitixa, porrusalda, eta arin-arina edo fandangoa, aukeran. Horren ondoren epaimahaiak enpatea eman zuen Bengoetxea-Errandonea eta Amaiur Luluaga anoetarra eta Nerea Lertxundi aiarraren artean. Txapeldunak aukeratzeko, beste trikitixa bat jo behar izan zuten. Horren ondoren, zazpiak aldera hasi ziren bertsolariak eta toka txapelketa eta, gero, txinga proba, Trakets-ekin dantzaldia eta amaierako kalejira ziren izatekoak

Larunbat gauean, Olarrearen zaldia irabazle

Larunbat gauean abere dema jokatu zen Martindegineta bertan Aitor Olarrea asteasuarraren zaldiak irabazi zuen apustua, 73 plaza eta 10 zinta eginda. Imanol Fagollagaren zaldiak, 63 plaza eta 2 zinta besterik ez zituen egin, inguratu zirenek ederki animatu zuten arren. Dema eta gero, jende dezntek alde egin zuen, baina geratu zirenek Trakets taldearen dantzaldiarekin gozatu zuten. Atsedenaldian, irrintzi lehiaketa egin zen. 10 bat parte hartzaile izan ziren eta Iñigo Lertxundi nagusitu zen. Banana-dantza probak ere arrakasta izan zuen, 20 bikote atera baiziren. Pestatutako maillot guztiak agortu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!