«Alkate kargua dela eta, bezeroek txantxak egiten dizkidate; pentsa, multak kentzeko ere eskatu didate!»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 14a, 02:00

Zer sentitu duzu Kaxkoko Alkate berria izango zarela jakitean?
Hasieran ez nion garrantzirik eman, baina azkenaldian gehixeago ari naiz pentsatzen horretan, batez ere kioskoan bezeroek gogora arazten didatelako. Askok zoriondu egiten naute eta ez dira gutxi txantxak egiten dizkidatenak; esaten didate: ´Aizu, multa kenduko didazu, ezta?` edo ´Noiz emango didazu baimena ez dakit nongo obrarekin hasteko?`. Egia esan, eman dit harrotasun puntu bat nitaz gogoratu izana. Ezagunak pozik daudela adierazten didate ni aukeratzeagatik eta esaten didate merezi dudala.


Ba al daukazu zerbait prestatuta makila hartzen duzunerako?
Ez dakit zeozer prestatuko dudan edo momentuan ateratzen zaidanarekin pasako naizen; ez dut erabaki. Uste dut makila hartzerakoan, antolakuntzari eskerrak emango dizkiodala ni kontuan izateagatik. Bizilagun guztiei festa zoriontsuak pasatzeko esango diet, eta norbait gaizki portatzen bada, makilarekin emango diodala abisatuko dut!


Zer da Karmen jaietatik gehien gustatzen zaizuna? Nola pasako duzu eguna?
Gehiena gustatzen zaidana dantzatzea da. Betidanik gustatu zait dantzatzea eta txarangaren ondoan ibili naiz bizitza osoa, gaztetan nire senarra zenarekin ateratzen nintzenetik. San Joanetan ere ez nuen aukera galdu eta kalean gora eta behera ibili nintzen. Ez dakit astelehenean dantzan ibili ahal izango dudan, baino eguna kalean pasako dut, Alkateari dagokion moduan. Lan asko egin dut nire bizitzan, baino parrandazalea izan naiz baita ere, hori bai. Asko gustatzen zait jai giroan eta kalean ibiltzea.


Betidanik ezagutu dituzu Karmen jaiak? Asko aldatu al dira urteen poderioz?
Lehen gogoratzen dut Amabirjina jartzen zutela eta gero txapelketak izaten ziren kalean; oso ohikoa zen zaku karrera, eta inguruko ume guztiak han ibiltzen ziren. Txokolatada ere oroitzen dut... Eta gauean dantzaldia izaten zen Atzieta kalean; batzuetan, gainera, soinekoak elkarri lotzen zizkieten dantzan zebiltzanei. Ez dakit zergatik, baina ohitura zen.


Jendea eta jaiak bizitzeko modua ere aldatuko zen, ezta?
Bai, bai, lehen gertuagokoa zen jaia, xumeagoa eta lasaiagoa. Orain, berriz, nik uste dut jendea aztoratuagoa dabilela eta ez da jaia horrenbeste bizitzen. Horrez gain, uste dut gazteria ere sanoagoa zela, lehen dantzan eta umore onean ibiltzen ginen uneoro, edan ere bai, e! Baina beste modu batean, ez dakit, sanoago. Gaur egun ikusten ditudan gazteen jai edo parranda giroa ez dut gustoko.


Alkate ezaguna behintzat izango du kaxkoak. Jende artean ibili zara beti...
Bai, eta hori da bizipoza ematen didana. Lan egin dudan toki guztietan jendearekin harremana izaten saiatu naiz. Eta orain zer esanik ez kioskoarekin. Egunero hitz egiten dut bezeroekin eta asko maite dugu elkar. Niretzako oso garrantzitsua da. Nola utziko dut ba nik lana! Faltan botako nuke jendearekin dudan harreman hori. Gainera, ikusten dut oraindik forman nagoela. Pentsa, ni naiz kalkulagailua erabiltzen ez dudan bakarra kioskoan. Ni sartzen naizenean, kalkulagailua kajoira sartzen dut; botoia zanpatzen dudanerako, buruan daukat-eta emaitza. Burua ondo mantentzen dut, memoria ere oso ona daukat eta lasai asko aritu naiteke kioskoan lanean.


Bizitza osoa kaxkoan

Juli Ayerrak 80 urte ditu. 1927an jaio zen, Plazako etxe batean, hain zuzen, ´centro 100-a dagoen eraikinean`. Etxe hartan jaio, baina ondoren Kaxkoko beste etxe batzuetan ere bizi izan da: ´Kardaberaz kaleko 25 zenbakira pasa ginen eta gero orain bizi naizen etxera, Kale Nagusia eta Tiloseta artean dagoen etxera, Kale nagusitik sarrera duena`.

Lanean ere azkar asko hasi
Lanean ere agudo hasi zen Juli, 13 urterekin: ´orduan txiki-txikia nintzen eta aulki bat jarri behar izan zidaten, nire makinara heltzeko`. Makina hori ‘Kurt Halle’ jostun enpresa alemaniarrean zegoen, orduan, Santa Barbara soziedade gainean, lehen solairuan: ´han izan nintzen 10 urte eta denetatik egiten nuen: bulegoak garbitu, beloak Donostiara eraman...Inoiz ez diot beldurrik izan lan egiteari, asko kostatzen zait nekatzea`. Jostun enpresan 10 urte pasa eta gero, aldatzea erabaki zuen, baino kaxkotik mugitu gabe: ´pelukera hasi nintzen lanean, Kardaberazen eta Kale Nagusian, eta lan horretan pasa nuen bizitza erdia; 32 urte hain zuzen. Pelukera nintzenean, nire senarrari Zinkoeneako kioskoan laguntzen hasi nintzen, duela 39 urte, eta gero pelukeria utzi eta hemen jarraitzen dut. Jendeak noiz jubilatuko naizen galdetzen dit, baino nik indarra dudan bitartean jarraitu egingo dut` dio Julik.

Denboraldi bat Hernanitik kanpo
Izan zen, hala ere, Julik eta bere familiak Hernanitik kanpo pasa behar izan zuten garai bat: ´ni txikia nintzen, baina oraindik gogoan dut Frantziara joan behar izan genuen garaia. Frantziatik Bilbora eta berriz Frantziara joan ginen, hona itzuli aurretik. Hiru egun pasa genituen itsaso zabalean eta hegazkinen zarata entzuten genuen etengabe. Gure ontziak gerrako kargamentua zuela eta ondoratu egin behar zutela zioten. Ezinegon momentu horiek gogoan dauzkat oraindik, zer gertatzen zen konturatzen ez nintzen arren`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!