XABIER ERDOZIA, ‘LOU’ Transformers, Piratas del Caribe, Ocean´s 13, Shrek III... Publizitatearen poderioz, tankera horretako filmeak erakargarrienak dira udara partean. Horiekin batera, ordea, ia izkutuan zinemetan agertzen den beste zine mota bat ere badago ikusterik Donostiako karteleran. Filme horiek aurrera ateratzeko, dirua kontuan izatea ezinbestekoa da, baina beste erizpide batzuk ere kontuan izan dituzte filme horien sortzaileek. Eta oinarrizko ze irizpide dira horiek? Ba bizitza, kultura, sentimenduak, artea... Horien bidez zera hartzen dugu kontuan: benetako zinema aberasgarria dela.
28 semanas después (Antiguo Berri, Oskar la Bretxa, Urbil)
Ba hona hemen laborategiko produktu horien mozorroarekin ikusgai dugun filme oso interesgarria. 28 días después filme arrakastatsuaren bigarren zatia aurrera eramateko agindua jaso zuen Juan Carlos Fresnadillo zuzendari kanariarrak (Desposados, Intacto). Danny Boyle eta Alex Garlanden babespean, Fresnadillo eta bere produktoreak askatasun osoa izan dute gidoia idazteko eta filmea zuzentzeko lanean. Eta emaitza benetan ikusgarria nahiz sakona izan da. Bai, zonbien filme baten aurrean gaude, bai, baina baita Britainia Handian (eta mundu osoan) atentatu islamistak sorrarazi duten psikosiaren ondorioak aztertzen dituen filme baten aurrean ere. Horrekin batera, famili nuklearraren deuseztapena, lotura familiarrak eta bizitzeko nahi primitiboaren arteko tirabirak, Estatuak populazioa kontrolatzeko eratu dituen bide konplexuen hausnarketa fina... Gai guzti horiek eta beste asko aztertzen ditu Fresnadillok milenio hasierako egoera iluna ezin hobeto azaltzen duen filme honetan. Ikusi beharrekoa.
Historia de un crimen (Antiguo Berri)
A sangre fría da, seguruenik, Truman Capote idazle estatubatuarrak eskainitako maisu lan bakarra. Eta ez da lan makala halako maisu obra idaztea. Famili baten hilketa abiapuntutzat hartuta, Capotek kazetaritza eta literaturaren arteko mugak apurtu egin zituen Nuevo periodismo izeneko mugimenduari abiapuntua emanez. Hilketaren berria egunkaritik jaso ondoren, Capote Kansasera jo eta hilketarekin zerikusirik izan zuten guztiekin harremanetan jarri zen, bi hiltzaileekin hitz egitea lortu arte. Capote eta hiltzaile baten arteko harreman konplexua sakon aztertzen du Douglas McGrath zuzendariak, bien arteko amodiozko harremana literatura eta errealitatearen arteko loturaren metafora ezinhobea baita. Izaera klasikoa duen filme honek, oso ondo girotua eta antzeztua egoteaz gain, trikimailurik gabeko zuzendaritzaz disfrutatzeko aukera eskaintzen digu. Oso ona.
Los climas (Trueba)
Uzak (lejano) liluragarria zuzendu ondoren, Nuri Bilge Ceylan zuzendari turkiarraren bigarren filmea esku zabalik espero zuten Canneseko Zinemaldiaren iazko edizioan. Baina ez zuen goraipamenik lortu, kritika latzak jaso baizik. Orain ailegatu zaigu Donostiako kartelerara, eta etxaferoak botatzeko filmea ez bada ere, Bilge Ceylanen bigarren filmea lehen eskainitako Uzak-ekin lotura zuzena du. Los climas honetan gai nagusia da bikote baten arteko harremanaren deuseztapena, baina hori Bilge Ceylanek erabiltzen du aitzakia moduan, paisaia eta giroari benetako lehentasuna emanez. Filmearen plano bakoitzak margo baten tratamendua merezi du Bilge Ceylanen arabera, eta bakardadearen kronika honek ez luke zentzurik izango zeruaren grisak, elurrak eta euriak parte hartuko ez balute. Ederra eta tristea; Los climas kontuan hartzeko filmea da.
La última nota
Filme txiki honek Canneseko `Un certain regard` sailean arrakasta lortu zuen iazko edizioan. Diru gutxirekin egindako filme bitxi honek Donostiako zinemetan ikusgai dauden filme garestiek baino askoz ere interes eta mami gehiago du. Musika klasikoaren munduan kokatua dagoen La última nota honek gai unibertsalak jorratzen ditu: famaren alde gaiztoa, sentimenduen poterea eta mendekatu beharraren indarra, besteak beste. Filmaren bukaera nahiko xinplea da, adin gutxiko aktoreak gaizki aukeratuak zein zuzenduak daude eta gidoia ez da borobila, baina filme horren barrukaldean benetako zinema dago. Guztiz gomendagarria.
Kontuan izateko besteak
Zodiac (Prinzipe): David Fincherren azken filmea, berak egindako hoberena izateaz gain, karteleran dagoen sendoena da. Maisu lana.
Bajo las estrellas (Prinzipe): Felix Viscarret zinegile nafarraren lehenengo filmea aurten estatuan egindako filme interesgarrienen artean kokatzeko modukoa da. Alberto San Juan eta Emma Suarez betiko moduan (primeran) aritzen dira filme ezberdin honetan.
Ladrones (Prinzipe): Aipatzeko moduko beste filme espainiar bat. Jaime Marquésen filme honetan zera nabaritzen da: zinegile espainiar berriak haize berritzaileekin hauspotzen ari direla Espainian egindako zinea. Desberdina.
13garren Antzerki Feria, asteartetik Donostian
Uztailaren 10a eta 14a bitartean Donostia antzerkiaren hiriburu bilakatuko da. Bertan, kaleko antzerkia, aretokoa, dantza berritzailea eta beste motatako ikuskizunak ikusteko aukera paregabea izango dugu. Feriak arte eskenikoen merkatua bultzatzea du xede nagusi, eragileak harremanetan jarriz eta azken aldian antzerkian sortutakoari lekua eginez. Eta arreta berezia eskeiniz Euskal Herriko konpainiak sortutakoari. Eskenatoki bakoitzean ikuskizun mota bat dago ikusgai. Antiguoko Lugaritz Kultur etxean esate baterako haurrei zuzendutako ikuskizunak emango dituzte. Bertan, asteartetik aurrera Agerre Teatroa, Balea/Artelanda, Golden Apple Quartet/Kanpingags eta Naku teatro konpainien azken ikuskizunak izango dira. Victoria Eugenian aldiz, ikuskizun handiak izango dira. Azpimarratzekoak dira Carolyn Carson dantzariaren Innana (asteartean eta asteazkenean) eta Hedi Malenen La consagración de la primavera. Antzoki Zaharra, areto-antzerkiaren egoitza izango da. Traspasos (Demasiado humano), Cráneos de Yorik (Las amargas lágrimas de Petra Von Kant), Kanpingags (Cueva de ladrones), Ttanttaka (Mujeres en sus camas), La Lluna Nova (Las voces) eta Teatro Estudioren Cuatro bromas y un funeral ikusgai izango ditugu. Sarreren prezioak, ordutegia zein beste xehetasunak kontsultatzeko sartu www.antzerki.com helbidean.