«Gobernuak ez du onartzen prostituzioa dagoenik; prostitutak indigenak dira eta haientzat ez dira existitzen»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 8a, 02:00

‘Baan Marina’ Fundazioak San Joanetan Tonbola jarri du aurten ere. Ateratako dirua Thailandiako iparraldeko tribuetako neska gazteei josten erakusteko erabiliko dute; horrela prostituziotik aldendu nahi dituzte.

tHAILANDIAN lanean aritzen den Baan Marina Fundazioak tonbola jarri du aurten ere San Joanetan. Gauzak ondo atera dira, izan ere bertan ateratako diruarekin Thailandian dituzten bi zentroek beste urtebetez lanean jarraitzeko aukera izango dute. Zentro hauetan iparraldeko tribuetako neska gazteei josten irakasten diete, oinarrizko ikasgaiak erakusteaz gain. Helburua da ogibidea eta babesa ematea, izan ere Thailandian prostituziora bultzatzen dituzten emakume ia denak iparraldeko tribuetatik datoz, hauek ez baitaude inon erregistratuta; ez dira existitzen. Conchi Gamarra, Bihotz Santuen Kongregazioko misiolaria da eta Garbiñe Goikoetxea Hernanin fundazioan lagutzen ari direnetako kide bat. Biak 2002an hasi ziren 40 urte martxan daramazkien Baan Marina fundazioan. Neska hauen bizimodua eta fundazioaren lana azaldu digute.

Thailandian bi etxe

Azaldutakoaren arabera, bi etxe dira martxan dituztenak; bata ingurune turistiko batean, Ching Mayn, eta bestea hain turistikoa ez den eremuan, Phayaon. ´Neskak tribuetatik datozenez oso gogorra egingo litzaieke Ching May bezalako gune turistiko batera joatea, beraz lehendabizi Phayaon egoten dira`. Bi zentro hauetan Thai hizkuntza irakasten zaie tribuetan beste hizkuntza batzuk hitz egiten baitituzte; baita ingelesa ere. Matematikak, hizkuntza, eta horrelako irakasgaiak erakusten zaizkie eta baita josten ere. ´Egiten den aurreneko gauza da neska hauek legalizatzea, ez baitaude errekonozituta. Horregatik dira prostituzioaren munduarentzat erakargarriak. Thailandiako gobernuak prostituzioa dagoenik ukatu egiten du, indigenak gobernuarentzat ez baitira existitzen` azaldu du Conchik. Zentro hauetatik ateratzen diren neskei jarraipena ere egiten die fundazioak, lan baldintza kaxkarrak edo erasoak ekiditeko. Baan Marinako zentroetan 7 urte egiten dituzte eta handik ateratzean lana ziurtatua izaten dute. Askok gainera beren tailerrak jartzen dituzte.

Lagundu nahi duenarentzat

Fundazioari lagundu nahi diotenentzat honako helbide elektronikoa jarri dute eskura: msc.eg@planalfa.es.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!