EZ GALDETU karakol bati noiz iritsiko den helmugara. Nahikoa badu etxea bizkar gainean eramatearekin eta utziozu patxadan. Eta Iker Blasi galdetzen badiozu? Bera ere etxearen tamainako motxila bizkarrean hartuta etorriko da Errumaniatik abuztuan. Noiz iritsiko den? Patxadaz, mesedez: ´Galdera ona da hori, nik ere ez dakidalako. Fisikoki eta orokorrean sentituko dudanaren araberakoa izango da. Nire asmoa hilabete eta bi hilabeteren artean egitea da. Ibilbidea nire lehentasunen arabera ezarri dut, beraz motza izan beharrean luzea izango delakoan nago. Transilvanian zenbait lagunen jaioterriak bisitatu, Belgrad magikotik berriz ere pasa, oraindik ezagutzen ez dudan Bosnia deskubritu, aspaldian ezagututako Kroaziar kostaldea zeharkatu, Esloveniako mendiak agurtu, Italia iparraldeko lakuetan bainua hartu eta Nizako kostalde malkartsuan sigi-saga astiro ibili...` Plan txarra denik ezin esan. Zazpi herrialde gurutzatuko ditu hernaniarrak etxera ailegatu aurretik. Egunean 70 eta 90 kilometro artean egitea espero du, baina noski, ez da gauza bera ordekan, malkarrean gora edo behera joatea. ´Orografiak zeresan handia edukiko du, noski`.
Russell-ek inspiratuta
Liburu on bat zer den. Errumaniako Cluj Napoca hirian pasa ditu azken sei hilabeteak Blasek. Han aritu da lanean Errumaniako Bake eta Gatazka Institutuan (PATRIR delakoan), beka bati esker. Bertrand Russellen Zoriontasunaren erdiespena liburua irakurri du egonaldi horretan: ´Irakurtzen ari nintzela buruan ideia zahar bati bueltak ematen ari nintzaion`. Eta, bueltak emate horretatik agian, Errumaniatik etxera bi gurpilen buelten gainean etortzea okurritu zitzaion. ´Pasa berri diren sei hilabete hauetako esperientzia luzatzeko asmoa` da bidaiaren motibo nagusia bere esanetan. Errumanian, bertakoez gain, mundu guztiko lagunak egin ditu Iker Blasek: ´Herrialde ezberdinetako pertsonak aritu gara lanean elkarrekin, Japoniakoak, AEBetakoak, Kanadarrak, Tunisiarrak, Pakistandarrak edo Australiarrak, beste batzuen artean`. Hango jendea zer iruditu zaion galdetuta kontatzeko gogoa igarri zaio: ´Hasieran isilak iruditu zitzaizkidan, hilabete baten bueltan ordea jende jatorra eta irekia dela konturatu nintzen` azaldu du, ondoren gizarte errumaniarraz jarduteko. ´Errumaniako kultura paregabea da. Lurralde hauetatik igarotako herri ezberdinen ondarea aurki daiteke hizkuntzetan, musikan, janarian, eta abarretan. Horrez gain, gaur egun talde etniko askok jarraitzen dute bizirik: errumaniarrak berak, baita hungariarrak, ijitoak, alemaniarrak... Hori guztia batzuetan arazoak sortzen dizkien gizarte heterogeneo batean islatzen da`.
Gutxiagotasun konplexua
Politika eta Administrazio Zientziak ikasitakoa da Blas eta nabari zaio. Azken urteetako Errumaniaren historiaz galdetuta analisi aberatsak egin dizkigu, besteak beste Ceaucescuren gainbeheratik gaur eguneraino herrialdeak egin duen ibilbideaz. ´Errumania bizilagun komunisten oparotasun ekonomikotik urrun ibili zen Ceaucescuren garaian. Hura exekutatu zutenean erregimen zaharra deuseztu egin zen, baina hala ere arazoak ez ziren desagertu eta berriak ere gehitu zitzaizkien aurrekoei. Egoera kaxkar hark gaur egun gizartean oraindik bizirik dagoen gutxiagotasun-konplexua sortu zien errumaniarrei`. 90eko hamarkada ez da samurra izan errumaniarrentzat eta XXI. mendeko hasiera ere ez da erraza izaten ari Blasen esanetan. ´2007an Europar Batasunean sartu den gizarte errumaniarrak bi miloi pertsona inguru ditu euren herrietatik kanpo lanean`. Horren kausak zein izan daitezkeen? Zaila da arrazoi zehatzak eskaintzea, baina Blasek badu bere iritzia: ´Nire ustez errumaniarrek ez zuten sozialismoa ondo ulertu eta autoritarismo abertzale batean murgildu ziren. Gaur egun berriz, ez dira gai demokrazia kapitalista ulertzeko`.
Bidaiari kasta
Ikerren anaiak, Asier Blasek, bere bidaiatzeko zaletasunaren berri emana du Atzoko eta gaurko harresiak liburuan. Berlingo harresia erori ostean ekialdeko herrialdeetan egindako bidaiak kontatu zituen obra hartan. Bistan denez bidaiari kastakoa da Iker ere. Kontatzen duenaren arabera afizioa familiatik datorkie, aitarengandik batez ere: ´Gure aitak bere garaian posible zuen heinean bidaiatzeko grina izan zuen. Esan genezake zaletasun hori semeek goreneko mailara eraman dugula berak irakatsita`. Afizio okerragoak izango dira dudarik gabe. Gainera, zeharkatuko dituen herrialdeetan ezagunak dituenez, bidaiatzea lagunekin egoteko modua ere izango da Blasentzat. ´Eta baliteke bidaiaren parteren batean baten bat gehitzea pedalkada batzuk ematera`.
Europa aldenik alde
Errumania, Serbia, Bosnia eta Herzegovina, Kroazia, Eslovenia, Italia eta Frantzia zeharkatuko ditu Blasek etxera ailegatu aurretik. Esan liteke Europa aldenik alde gurutzatuko duela bide horretan, ibilbidean atzera-aurrera joateko aprobetxatuz gainera. Lasai hartuko du bidaia, bi hilabeteko epea edukitzeak ematen duen oxigenoarekin. Bidea egiteko gainean eramango duen ekipaiaz galdetuta ondoko azalpenak eman dizkio KRONIKAri: ´Gauza asko eramango nituzke, baina pisua dela eta arropa gutxi, mapak, kanping denda txiki bat eta bizikletak beharrezkoak dituen osagarriak eramango ditut`. Baina ez da hori motxilan daramakien bakarra: ´Nirekin daramakidan gauzarik preziatuena jende berria ezagutzeko gogoa da`.
Interneten izango da bidaiaren berri
Bizikletek oraindik ez daukate banda zabaleko konexiorik (guk dakigula behintzat) pedalkada eta pedalkada artean posta elektronikoa begiratzeko. Baina bidean aurkituko ditu Iker Blasek sarerako konexioak eta bere Tour bereziko etapak kontatzeko aprobetxatuko du. http://transylvania2007.blogspot.com helbidean bloga sortu du horretarako. Abuztutik aurrera jarraitzeko modukoak izango dira hernaniar honek bi gurpilen gainean izango dituen abenturak.