Herri kirolak, trikitilari txapelketa eta dantzaldia San Ferminetako azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 8a, 02:00

Eguerdi parteko herri kiroletan eta arratsaldeko bertso saio eta trikilari txapelketen bueltan bildu ohi da jende gehiena Martindegin. 23:00etan festei bukaera emateko kalejira egingo dute.

gaur izango da San Ferminetako azken eguna Martindegin, eta urteroko moduan igandeko egitaraua bete betea dator. Auzoa goizeko 10:30etako dianak esnatuko du eta 11:00ak aldera bermuta hartzeko elkartuko dira. Eguerdiko 12:00etan jende ugari biltzen duen herri kirol jaialdia izango da. Batetik Aimar Irigoien harrijasotzailea izango da erakustaldia egiten eta bestetik urteroko aizkora desafioa izango da: Arrospide aizkolari beterano eta profesionala Joseba Otaegi-Peio Etxeberriak osatutako bikote gaztearen kontra. Desafio honen inguruan saltsa izaten da urtero gazteek ala beteranoak, nork irabaziko. Iaz beteranoak irabazi zuen Nazabalek, ia aurten zer gertatzen den. Eguerdian bikote klasikoa ariko da bertsotan: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña.

Arratsaldean trikitilari txapelketa, bertsolariak eta dantzaldia

Bazkalondorenean trikitilari txapelketa izango da. Hernanitik, Irati eta Maider, eta Maialen Murua eta Alaitz Vangeneberg izango dira. Beste herrietatik honako bikoteak etorriko dira: Edurne Errandonea (Andoain) eta Ander Beldarrain (Aia), Amaiur Luluaga (Anoeta) eta Nerea Lertxundi (Aia), Leire Lasa (Zizurkil) eta Maddi Labaka (Lasarte), eta Eneritz Bengoetxea (Donostia) eta Edurne Errandonea (Andoain). Arratsaldeko 18:00etan toka txapelketa hasiko da eta 19:00etan bertsolarien bigarren saioa. Ondoren txinga froga izango da. Festari ginda Traketsek jarriko dio eta gaueko 23:00etan auzoan zehar egingo duten kalejirarekin bukatuko dituzte aurtengo San Fermin jaiak.

Atzo eta ostiralean giro ederra

Jaiak ederki joan dira orain arte; jende asko ibili da, bai ostiralean eta bai atzo ere. ´Azken urteetako jende gehiena ibili da, eta gainera oso giro onean. Gaupasa egindako batzuk ere izan ditugu atzo goizean, baina txintxo-txintxo erretiratu dira` esan digu bizilagun batek. Atzo goizean egindakoko auzoko hildakoen aldeko meza, tabernako aterpearen faltan, zuhaitz azpian inprobisatutako toki berrian egin zuten eta oso gustora egon ziren inguratutakoak. Ostiralean, tortila patata txapelketa Tablaenea baserriko Bernarda Genbeltzuk irabazi zuen.

Gaur Martindegin

10:30 Diana.

11:00 Bermuta.

12:00 Euskal Festa: Aimar Irigoien harri jasotzailea eta aizkolarien arteko desafioa, Arrospide, Joseba Otaegi-Peio Etxeberriaren kontra.

13:00 Bertso saio berezia: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña

17:00 Trikitilari txapelketa.

18:00 Toka txapelketa.

19:00 Bertsolarien bigarren saioa.

19:30 Txinga proba.

20:00 Dantzaldia Traketsekin.

23:00 Festei amaiera emateko kalejira auzoan zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!