Txantxangorri elkarteak antolatuta, Itsas arrantza lehiaketaren zazpigarren edizioa jokatuko da bihar Donostian. Bertan Gipuzkoako hamar ekarteetako hamabost taldek hartuko dute parte. Guztira 130 parte hartzaile izango dira Monpasetik Akuariora bitarteko tartean arrantzan. Goizeko 09:00etan hasiko da lehiaketa eta 14:00ak arte egin ahal izango da arrantza. Tarte horretan harrapatutako piezak arrantza eremu osoan pisatu ahal izango dira, momentuan.
20 saritik gora banatuko dira
Parte hartzaile guztiek jasoko dute beren saria Txantxangorrin eta horietaz gain, sari bereziak ere banatuko dituzte: beterano onenarentzat, emakume onenarentzat, gazte onenarentzat, talde onenarentzat, pieza handiena lortzen duenarentzat eta Txantxangorriko onenarentzat, besteak beste. Sariak elkartean banatuko dituzte, 14:30etan.
Parte hartzaileak
Hauek izango dira parte hartuko duten hamabost taldeak: Txantxangorri, Sanpedrotarra A eta B, Cangrejo, La Zurriola A eta B, Bidasoa A, Intxaurre A eta B, Anade A, Mons A, B eta C, Antxeta A eta Itxaskirri. Txantxangorritik 14 arrantzale joango dira Donostiara. Proba elkarteen arteko erregularitate txapelketarako puntuagarria da.