«Entrenatzeak beste kirol askotan baino gehiago balio du triatloian»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 15a, 02:00

Lehen igeriketa egiten zenuen eta orain triatloia. Aldaketa dexentea ezta?
Entrenamendu aldetik ordu gehiago sartu behar dira triatloian, hiru kirol direlako eta hirurak landu behar direlako. Baina igeriketa ere oso gogorra da. Biek esfortzu handia eskatzen dute.

Probaren hasieran, igeri egitea tokatzen den zatian, aurreko taldean sartzen zara. Igerilariaren abantaila?
Probaren hasieran, aurrean jartzen saiatzen naiz. Hasieratik lehen postuetan jartzeak indarra ematen dizu, motibatu egiten zaitu. Karreran sartuta ikusten zara, eta horrek asko kontatzen du gerorako. Eta gero, beste bi ataletan eutsi egin behar. Bai. Bigarren zatian, bizikletan, aurreko taldean mantentzea lortzen dut normalean. Eta gero korrika, ahal den moduan, aurrekoei segitzea daukat helburu. Aurten nahiko ondo eusten ari naiz bizikletan eta korrika.

Triatloian, berezko talentuak baino gehiago balio al du entrenatzen sartzen den denborak?
Kirol guztietan bezala, berezko abilezia behar da. Baina egia da, entrenatzearen eta konstantzia edukitzearen poderioz bakarrik lortzen direla emaitzak. Beste kirol askotan baino gehiago balio du hemen entrenatzeak. Esfortzu fisikoaz gain, psikologikoa. Karreran zaudenean zure saltsan egoten zara eta ez da beharrezkoa psikologikoki oso indartsua izatea. Bai ordea, entrenatzerako orduan. Ez da erraza, egunak joan eta egunak etorri, piszinara joatea edo bizikleta hartzea. Horrek bai eskatzen duela buruz indartsua izatea.

Nolakoa da zure `lan-egun` bat? Astean zenbat ordu?
Astean sei egunetan entrenatzen dut. Bakoitzean 3-5 ordu artean. Normalean egun bakoitzean bi kirol lantzen ditut. Batean, bizikleta eta korrika, bestean, korrika eta igeriketa, etab… Egun pisutsuenak bizikleta tokatzen denean izaten dira, besteetan baino ordu gehiago sartu behar izaten delako.

Zein da gehien prestatzen ari zaren atala? Hiruretan non ikusten duzu hobekuntza tarte handiena?
Lehengo urtean igeriketa gutxiago landu nuen, baina aurten, hiru kiroletan berdintsu entrenatzen ari naiz. Agian korrikari eman diot `kaña` gehien. Hobekuntza tarte handiena bizikletan daukadala uste dut. Halere, beste bietan ere asko hobetu dezaket oraindik.

Probak irabaztea aukeren artean sartzen da, ala ezinezkotzat jotzen duzu?
Aurten Euskal Herriko zirkuitoko lehenengo proban izan nitzen Gorlizen, eta bigarren postua eskuratu nuen. Beraz, probak irabazteko aukerekin ikusten dut nire burua. Aurten, lesioa dela medio, ez dut itxaropen handirik, baina maila ona eman dezakedala ikusi dut. Helburu gisa jarriko nituzke, Euskal Herri mailan aurrean ibiltzea eta probak irabaztea, eta Espainia mailan paper txukun bat egitea. Bestalde, Europako txapelketara joateko posibilitateak nituela pentsatzen dut, baina belauneko lesioak dena aldatu du.

Zenbateko mailako probak dira? Triatloilari ezagunik aritzen al da?
Ni afizionatua naiz, baina profesionalek ere parte hartzen dute gure lasterketetan. Llanos anaiak adibidez, hemengo lasterketetan parte hartzen dute eta mundialetan ere aritzen dira. Hemengo probetan edozeinek parte har dezake, baina Europa edo munduko txapelketetara joateko, selekzioak hautatua izan edo sailkatu egin behar zara, eta hor denak profesionalak izan ohi dira.

 Zein taldetan zabiltza? Patrozinatzailerik ba al duzue?
Donostiako Atletikon aritzen naiz. Bertan, 40-50 triatloilari gabiltza. Orain talde dexente daude, bai Urnietan, bai Lasarten... Eta Bizkaian hemen baino gehiago. Patrozinatzaile bezala Krafft daukagu, eta arropa Astorek ematen digu, edo eman beharko liguke, zeren ez dago batere fundamenturik eta oraindik ez digute ezer eman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!