Hernanik denboraldiko lehen garaipena nahi du bihar Elantxoben, onenen artean ibili litekeela erakusteko

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 7a, 02:00

ARC2 Ligan hirugarren postuan dago Hernaniko trainerua, lehenengo bi estropaden ondoren. Estropada bihar izango da Elantxoben, eguerdiko 12:00etan.

Hernani Arraun Elkarteak itsaso zabalean izango du bihar denboraldiko hirugarren estropada. Elorrabi 1978 traineruak sailkapen orokorrean play-offa jokatzeko aukera ematen duen postu hori mantentzea du helburu eta horretarako aurrean ibili eta puntuak lortu beharko ditu, bihar 12:00etan hasiko den estropadan.

Trainerua rekolokatuta eta marjen haundiarekin

Lau urte trainerurik atera gabe egon da Hernani Arraun Elkartea eta aurreneko bi estropadetan izandako emaitzak baikor utzi ditu klubeko arduradunak. Xabier Zabala entrenatzailearekin hitz egin dugu eta berak esan digu lortutako emaitzek trainerua rekolokatzeko balio izan dutela: ´Traineru berria da gurea eta Hernaniko Ikurriña ondoren ikusi genuen ondo ibili gaitezkeela. Ordurarte ez geneukan erreferentziarik eta zalantza pixka bat sortarazten dizu horrek`. Tripulazioari buruz, Zabalak esan digu pixkanaka taldea egiten eta elkar ezagutzen ari direla eta Zabala bera ere aldaketak egiten ari da arraunlariak probatzeko: ´azken orduan egin dugu hamairukoa eta neguan zaila izan dugu denok batera entrena-tzea, gauza bat dela eta bestea dela`. Joan den asteburuan bi zita izateak ere baldintzatu zuen erabakia hartzea: ´Ordu gutxi zituzten larunbatean ateratako arraunlariek errekuperatzeko. Kontuan izan behar da errioko estropadak oso gogorrak izaten direla`. Marjen haundia daukatela ere adierazi du Zabalak: ´Hasi besterik ez dugu egin eta taldeak hobera egitea da lojikoena. Ea orain artekoa hobetu dezakegun`.

Bihar Elantxoben itsasoa harro espero dute

Biharko estropada Elantxoben izango da, itsaso zabalean, eta aste osoa itsasoan entrenatzen pasa dute hernaniarrek: ´Itsasoan ohitu behar dugu, aldaketa haundiak izan ohi baitira. Biharko, gainera, itsaso nahiko harroa eman dute eta argi ibili beharko dugu. Donibane Lohitzunen hotz samar harrapatu gintuen itsasoak. Haizeak gogor jo zuen eta horrek baldintzatu egin zuen estropada; kontziente izan behar dugu itsasoak asko eman eta kendu diezazukeela`.

Sailkapen orokorra

1. Castro B 19 p.

2. Portugalete 16 p.

3. Hernani 16 p.

4. Busturialdea 13 p.

5. Arkote 12 p.

6. Deusto 10 p.

7. Getxo 9 p.

8. Colindres 8 p.

9. Hibaika 4 p.

10. Raspas 2 p.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!