Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, hamabostean behin. Gaurkoan Ainhoa Garzia presoaren egoeraren berri eman dio Kronikari.
Atxilotu zutenetik medikuen beharra
Ainhoa Garzia 2003ko maiatzaren 9an atxilotu zuen frantziar poliziak Saintes-en, ETAko kide izatea leporatuta, eta orduan jaso zuen kolpe bategatik medikuen asistentzia behar duela salatu du Askatasunak: ´Gendarmeak gainera bota zitzaizkion bortizki eta belaunean larriki kolpatu zuten. Ordutik medikuen jarraipena behar du`. Lau urte hauetan bi espetxeetan eduki dute Garzia: Fresnes-en eta Fleuryn. Gaur egun Fleuryn dago espetxeratua.
Fresnes, militarren menpe
Askatasunak dioenez Fresnes-eko kartzela ez dago baldintza onetan: ´guztiz zaharkitua dago` eta militarrek kudeatzen dute: ´horren erakusle dira etengabe egiten dituzten errekuentoak, presoek ziegatik patiora isilik eta ilaran atera beharra edo ispilu falta`. Askatasunaren esanetan, kartzela hartan presoek ez dute bere burua ikusteko aukerarik.
Fleuryn hobeto ez
Fleuryko espetxearen egoera ere ez da hobea Askatasunak dioenez: ´Ainhoak oso patio ordu gutxi ditu, egunean hiru bakarrik. Beste guztiak ziegan pasa behar ditu. Paketeetan ere oso murrizketa gogorrak ditu; zerbait sartu nahi izanez gero, antzeko zerbait ateratzera behartuta dago Ainhoa`. Bisitetarako ere oztopoak jartzen dituztela jakinarazi du Askatasunak: ´batzuetan ukatu ere egiten dituzte baimenak, eta Ainhoa ikusi gabe geratzen dira lagunak`. Kontuan izan behar da Fleury Euskal Herritik 960 km.-ra dagoela; guztira 1.920 km. egin behar dira Ainhoa bisitatzera joateko eta Askatasunaren arabera, bidaia bakoitzak 180 euroko kostua dauka, ´sekulako odoluste ekonomikoa`.