MARTINDEGIKO San Ferminek egun haundia izango dute gaur, goizaldetik goizaldera izango baita jai giroa auzoan. Jakinarazi dutenez aurten jaietako ekitaldiak Oialume Zar eta Zelaia sagardotegi artean izango dira, auzoan egiten ari diren obrak direla eta. Auzoan zehar egingo duten kalejirarekin eta auzoan hildakoen alde egingo den mezarekin hasiko da gaurko jai eguna. Mezaren ondoren hamaiketakoa jarriko dute Oialume tabernan. Goizeko 11:30ak aldera berriro ere auzoan barrena abiatuko dira gazte eta heldu, trikitixaz lagunduta Martindegiko baserriz baserri. Bide batez, batean eta bestean mokadu bat eta trago bat egingo dute. Eguerdiko 13:00etan, Juan Ormazabal Tturkori omenaldia eta auzoko presoei lore eskaintza ere egingo diete, urteroko moduan. Eguerdian bazkari herrikoian bilduko dira auzotarrak eta eta arratsaldean, 16:00etatik aurrera, gaztelu puzgarriak jarriko dituzte txikienentzat. Arratsaldeko 19:00etan zezentxo eta zalditxoetan ibiltzeko aukera ere izango dute.
Iluntzean abere dema, Traketsekin berbena eta platano dantza
Larunbatean jende gehiena iluntzean bildu ohi da Martindegin eta aurten ere horrela izango da, seguraski. Urteroko moduan abere dema izango da, aurten Imanol Fagollaga eta Asteasuko Aitor Olarraren abereen arteko desafioarekin. Abere dema Zelaia sagardotegi parean egingo dute aurten, karreteran, auzoan egiten ari diren obrak direla eta. Hori dela eta trafikoa moztu egingo dute 22:30etatik 00:00etara. Hala ere, jakinarazi dute alternatiba jarriko dutela bertatik pasatzea behar-beharrezkoa duten kotxeentzat. Festari jarraipena Trakets taldeak emango dio eta gerturatzen direnak dantzan jarriko dituzte goizeko ordu txikiak arte. Atsedenaldian irrintzi lehiaketa izango da. Goizaldean, giroa bero-bero dagoenean, auzoko ikurra bihurtu den platano dantzan ariko dira animatzen direnak. 25 bat bikote animatzen dira normalean, eta ohitura den bezala, ahoan platanoa hartuta, puskatu gabe denbora gehien ematen duen bikoteak irabaziko du.
Gaur Martindegin
07:00 Kalejira.
08:00 Lo kuluxka.
10:30 Hildako auzotarren aldeko meza
(ondoren hamaiketakoa Oialume tabernaren eskutik).
11:30 Auzoko baserrietan ‘Mobida’ trikitilariek alaituta.
13:00 Juan Ormazabal ‘Tturko’ri omenaldia eta auzoko presoei lore eskaintza.
14:30 Herri bazkaria.
16:00 Gaztelu puzgarriak.
19:00 Zezentxoak eta zalditxoak.
23:00 VI. Abere dema. Desafioa: Imanol Fagollagaren eta Asteasuko Aitor Olarraren abereen artean.
24:00 Dantzaldia Traketsekin. Atsedenaldian: Irrintzi lehiaketa. Goizaldean Platano dantza.