Zapi gorria prest Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 7a, 02:00

GAur hasiko dira festak
Martindegin, aurten obrak direla eta Oialume eta Zelaia sagardotegi artean, antolatzaileek Kronikari adierazi diotenez. Goizeko dianak hasiko ditu San Ferminak eta ilunabarrera arte haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira. Auzoko neska-mutilak elkartzen dira gehiena eta auzotik kanpora bizitzera joan direnen seme-alabak. Goiz eta arratsalde jolasean ibili ondoren etorriko da nagusiagoen txanda, tortila txapelketarekin.

Tortilarik onenaren bila
Auzoko 20 bat etxeetako patata tortilak izaten dira urtero txapelketan, eta bertako 3 bat lagun epaile, betekada galanta hartzeko prest. Tortila onenaren egileari Sansonategi jatetxean 2 lagunentzako afaria eta trofeoa emango zaizkio. Eta tortila hauek guztiak eta Sansonategi jatetxeak berak jartzen dituen beste mordo bat izaten dira ondorengo sagardo probaketan jango dituztenak. Sagardo probaketan berriz, auzo inguruko sagardotegietako sagardoa izango da aukeran, arrakasta haundia izaten duen probaketan. Festak afal ondoan jarraituko du, Laiotz taldearen dantzaldiarekin.

Bihar eta etzi jarraipena Gaurko festari bihar eta etzikoak emango dio jarraipena eta egitarau zabala prestatu dute astebururako.

San Ferminak ospatuko dituzte gaur Udaleku irekietan ere
Udaleku irekietan hasiak dira Hernaniko 518 neska mutil, eta urteroko moduan berezi ospatuko dute San Fermin eguna, denak batean. Goizeko 11:00etan, Euskal Festak hasiko dituzte Tilosetan, Akelarre, Axeri Dantza eta guzti. Ondoren, Udaletxetik pregoia irakurri eta txupinazoa botako dute eta trikitixaren laguntzarekin kalejira egingo dute Kaxkoan barrena. Udalekuen barruan berezia izaten da San Fermin eguneko festa, eta monitore eta antolatzaileek ere berezi prestatzen dute ´batetik haur guztiak batera biltzen ditugun egun bakarra izaten delako eta bestetik nabarmen
alaitzen dugulako herriko giroa`, Kronikari adierazi diotenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!