JOAN den larunbatean jokatu zen Estatuko kluben arteko txapelketa, jubenil mailan eta lau hernaniar izan ziren, bi kluben izenean. Bidasoa taldearekin Eider Aldabe eta Mikel Von Wichmannek hartu dute parte eta Atletiko San Sebastianen izenean Xabi Pavon eta Servando Rivasek. Bost toki desberdinetan jokatu da aldi berean txapelketa eta bertan 24 taldek hartu dute parte, emakumezko nahiz gizonezko kategoriatan. Hernaniarretan, Servando Rivasek Hernanin konpetitu zuen eta gainerako hirurek Donostian.
Marka eta puntuak
Atleta bakoitzak egindako markaren araberako puntuazioa lortu du, eta puntu gehien lortu duen taldea izan da txapelduna. Beraz, lortutako postua baino garrantzitsuagoa egindako marka izan da, txapelketa honetan.
Hernaniarrak gustora
Hernaniarrak gustora gelditu dira izandako emaitzekin. Bidasoa taldeko Mikel Von Wichmannek 1.500 metroko proban 567 puntu lortu zituen laugarren eginda eta Eider Aldabek 663 puntu lortu zituen 1500 metroko proban hirugarren eginda. Bidasoako mutilen taldea, 7 junior eta 11 jubenilez osatua (Von Wichmann jubenila da) bigarren izan da. Nesken taldea, berriz, hirugarren gelditu zen, junior bakarra eta 17 jubenilekin (Aldabe jubenila da). Bestalde, Xabi Pavonek 792 puntu lortu zituen 400 metroan eta bigarren egin zuen. Servando Rivasek 6 kiloko mailua lehen aldiz jaurti zuen eta irabaztea lortu zuen, 714 puntu lortuta. Atletiko hirugarren izan zen mutiletan, 8 junior eta 10 jubenilekin (Pavon juniorra da eta Rivas jubenila). Emaitza orokorrean, Mutiletan Scorpio 71k irabazi zuen, Bidasoa 14garren izan zen eta Atletiko 20garren. Nesketan, ere Scorpiok irabazi zuen eta Atletiko 12garren gelditu zen.
Denboraldi bukaera
Asteburuko probarekin Aldabe, Rivas eta Von Wichmannek bukatu dute denboraldia, azken hilabete trinkoaren ondoren. Emaitza oso onak lortu dituzte Hernaniko atletek eta merezitako deskantsua izango dute.