Belgica Girls: Garagardoaren lurraldetik Zubipera, futbolaren aitzakian ondo pasatzera

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 5a, 02:00

Donosti Cup futbol txapelketa jokatzeko jende asko etortzen da Donostiara eta bere inguruetara. Futbolean jokatzeaz gain, milaka haur eta gazte toki berri bat eta hainbat herritako jendea ezagutzeko aukera izaten ari da aste honetan, datorren igandera arte. Hernanin ere ikusi daitezke egunotan atzerriko gazteak herrian barrena, eta batez ere Zubipen, han jokatu baitute astelehenetik atzo arte makina bat taldek lehen fasea. Horietako batzuk izan dira DJK Blau Weiss Mintard (Alemania), Attalos FCN Filadelfia (Grezia), West Coast (EEBB) eta Belgica Girls (Belgika). Azken talde hau Belgikako klub ezberdinetako neskekin osatutako selekzioa da eta lau talde ekarri ditu Donosti Cup-era: Bat seniorrena, beste bat 19 urte artekoena, eta 16 urte
artekoenak bi.

Antwerp-eko probintziatik etorritakoak
Belgikako taldeko partaideekin hitz eginda, jakin dugu Antwerp-eko probintziatik datozela. Flandrian kokatutako lurraldea da, eta bere hiri nagusia Antwerp da, 400.000 biztanletik gora izaki, Belgikako haundienetakoa dena. Ez da lehen aldia flandiarrak Donosti Cup-era etorri direla. Iaz ere etorri ziren, eta G-16 mailan, final laurdenetaraino iritsi ziren. Aurten, berriz, irabazteko asmoarekin datoz, batez ere seniorretan: ´Jokalariok 1. mailakoak dira Belgikan, punta-puntakoak. Orain arte emaitza onak lortu ditugu eta uste dugu aukerak izan ditzakegula finalean sartzeko´ dio jokalarietako batek. Belgikarren lau taldeetatik hiru aurrenak dijoaz beren multzoan eta seniorrek bakarrik galdu dute partiduren bat. G-16 mailan belgikarrek duten talde batek Hernaniren kontra jokatu zuen eta 0-0 egin zuten, astelehenean Zubietan.

Harremanak egitea helburu nagusia
Donosti Cup-a, aldiz, ez da lehiatzeko bereziki antolatutako txapelketa. Topaketa kutsua dauka, eta futbolaren bitartez, jendea ezagutu, errespetatu eta joko garbiaren alde egitea du helburua. Belgica Girls taldekoak ere bat datoz ideia horrekin: ´Oso ondo pasatzen dugu Donosti Cup-en. Guretzat garrantzitsuagoa da hemen aldarte onean egotea astebetez, ondo pasatzen, txapelketa irabaztea baino` adierazi dute.

CD Hernaniko lau talde Donosti Cup-en
CD Hernani klubetik lau talde ari dira Donosti Cup-en parte hartzen: B-13 eta B-15 mailakoak mutiletan, eta G-14 eta G-16 mailakoak nesketan.
B-15 mailako taldea sailkatu egin da txapeldunen faserako, atzo La Salle-Amara Berriri 1-3 irabazita. Talde hau Ciudad Realekin batera sailkatu da eta gaur jokatuko du Cesar Beniton 15:30etan SE AEM-en aurka.  B-13 mailako taldeak aldiz, 0-2 irabazio zion atzo DJK Blau Weiss Mintard taldeari  eta taldeko lider gelditu zen. Hernanik gaur jokatuko du finalaurdena Herreran, 17:30etan, goizean jokatuko duten Ciudad Real-Kostkasen partiduko irabazlearen kontra. G-14 kategorian, Hernani taldeko 4garren gelditu da, atzo ESA Eaglesen kontra 2 eta 0 galduta. Kontsolazio fasera pasako da eta partidua gaur  13:30etan jokatuko du Oriokoren kontra, Urnietan. G 16 kategorian H ernani International Bogotaren kontra jokatzekoa zen atzo arratsaldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!