HAIZEAREN Orraziak, Eduardo Chillidak egindako obra famatuak 30 urte betetzen ditu aurten eta hori dela eta museoa ekitaldi ezberdinak egiten ari da obra hori ardatz hartuta. Joan den igandean esaterako, Hernaniko Hernasax taldea izan zen museoan kontzertua eskaintzen: zer egokiago haizezko instrumentu talde bat haizearekin lotutako obraren urteurrena ospatzeko? Duela gutxi, ekainaren 19an, Chillida Leku museoan ospatu den udako solstizioaren inguruko emanaldian ere haizea izan zen protagonista. Oreka TX, Maddi Oihenart, Iban Nikolai, Aukeran dantza taldea, es3 musika taldea, eta bertan izan ziren artistek modu batera edo bestera haizea irudikatu zuten jendetza bildu zuen ikuskizunean.
Haizearen Orraziaren inguruko lehiaketa
Haizearen Orraziaren 30garren urteurrena dela aprobetxatuz, museoak herritarrak animatu nahi ditu irudimena askatu eta Haizearen Orraziarekin lotutako lanak aurkeztera. Haizearen Orrazian bizitako esperientzia edo anekdotak, argazkiak, testuak, abestiak, marrazkiak, eskulturak... edozein gauzak balio dezake lehiaketa honetan parte hartzeko. Lanak irailaren 2ra arte aurkeztu daitezke helbide honetan: proyectos@museochillidaleku.com. 30 lan onenek Haizearen Orraziaren inguruan Chillidak egindako marrazkiak jasoko dituzte, museoak prestatu eta enmarkatuta. Udan 20:00ak arte Chillida Leku museoak udan ordutegi zabalagoa du, eguzki ordu gehiago izaten direla aprobetxatuta. Beraz abuztuaren 31 bitartean goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00etara irekiko dute, astelehenetik larunbata bitartean. Igandetan 10:30etatik 15:00etara irekiko dute. Jakinarazi dute bisita gidatuak ere izaten direla eta sarreran bertan eman behar dela izena.