Denboraldi hasieran esan zenuen, aurtengo helburua mundialetara sailkatzeko minima lortzea zela. Lortu duzu eta estatuko txapelketan zilarra lortuta. Helburua lortuta gustora?
Bai oso gustora. Gainera, banekien ondo egin nezakeela, baina hain marka ona egin nezakeenik ez nuen uste. Nik 12:25 12:30 inguruan ibiltzea espero nuen, baina 12:14 egiterik ez nuen espero.
Entrenamenduetan horraino jaitsi zintezkeenik ez zenuen ikusten?
Nik entrenamenduetan nire burua ondo ikusten nuen eta pixkanaka hobetzen, baina inoiz ez ditut 100 metroak kronometratu entrenamendu batean.
Sari asko lortuak dituzu, baina behar bada hau da garrantzitsuena, meritu haundienekoa?
Urte hau oso ona izan da, nire errekorrak lortu baititut bai pista estalian eta bai aire librean. Hala ere, iaz urrezko domina lortu nuen pista estalian eta sari ona izan zen hura ere. Argi dago azken urte hauek izan direla niretzako onenak. Zilarrezko domina honek garrantzia haundia du hala ere, eta are gehiago kontuan hartuta ni lehen urteko jubenila naizela eta irabazi didana bigarren urtekoa. Gainera, finalaurrekoan denbora hobea egin nuen, eta nahiz eta finalean berak irabazi, ez zuen nire denbora hobetu.
Denboraldiko helburua bete duzula diozu, baina zein helburu eramango duzu Txekiara?
Ahal dela marka hobetzen saiatuko naiz eta finalaurrekoetara sailkatzeko modua ea badudan. Ez dakit zenbat atleta izango garen, baina serieak, eliminatoriak, finalaurrekoak eta finala izango direla badakigu. Oraindik 16 urte dituzu eta jubeniletan beste urtebete geratzen zaizu. Oraindik hobetzeko tarte haundia duzu. Bai, gainera hurrengo urtean gimnasia mundial delakoa dago, ez da mundiala, baina tankerakoa. Horra sailkatzen saiatuko naiz, munduko txapelketak bi urtez behin izaten baitira. Aurten entrenatzailea aldatu dut eta entrenatzeko modua ere bai eta ikusten dut hobetzen ari naizela. Esaten didate 12 segundutik jaitsi naitekeela, baina hori oso urruti ikusten dut.
Hemen bada munduko txapelketak eskatzen duen mailan prestatzeko modurik? Nik uste dut baietz, nahi duenak prestatzeko modua baduela. Badira maila haundia duten taldeak. Nik Atletiko San Sebastianeko entrenatzailearekin entrenatzen dut orain, eta Hernaniko klubaz gain, klub honetan ere hartu izan dut parte txapelketaren batean.
Hemen puntaren puntan zaude, baina gainerako herrialdeetan zer maila dagoen badakizu? Badakizue Txekian zer topatuko duzuen?
Niri esan didatena da lehengo urtean irabazi zuenak 11:30 eta pikoko denbora egin zuela. Onenak beltzak dira, amerikarrak, izugarrizko neska puskak...
Nola planifikatzen duzu zuk denboraldia, orain zaude onenean?
Planifikazioarena ez dakit, hori entrenatzailearen lana baita, baina momenturik onenean orain nagoela bai. Eta Maitaneren entrenamentuak nolakoak izaten dira? Orain ez dira denboraldi hasierakoak adina gogorrak izaten, baina denboraldi hasieran oso gogorrak izaten dira: serie asko gimnasioa... denetik egiten dugu, ariketa desberdin asko.