Traketsek martxan daramazkien 27 urteetan izango zen aldaketarik taldekideen artean, ezta?
Bai, taldea sortu genuenetik ni naiz jarraitzen duen bakarra. Taldea Martindegiko Asintxio Barrenetxeak (bateria), Andoaingo Juantxo Agirrek (gitarra) eta Xabier Etxeberriak (bajua) sortu genuen. Orain Errenteriko Javier Oskoz (bajua), Tolosako Mikel Larrarte (bateria) eta Errenteriko Mikel Albarez aritzen gara (gitarra). Martindegiko San Ferminetan urte askotan jo izan duzue ezta?
Bai urtero-urtero jo izan dugu. Lehen festetako hiru egunetan jotzen genuen, orain egun gutxiagotan jotzen dugu beste talde batzuk ere badira eta. Iaz egun bakarrean jo genuen eta aurten bi egunetan, gaur eta bihar. Martindegin beste auzoetan bezala ez da izaten lehen izaten zen festa, baina oso gustora aritzen gara. Guretzako etxean jotzea bezalakoa da.
Ze errepertorio prestatu duzue Martindegirako?
Betiko errepertorioa osatzen dugu urtero gure ustez arrakasta gehien izan duten kantuekin. Adibidez orain Julieta Benegasen abestiren bat sartu dugu errepertorioan. Nola prestatzen dituzue emanaldiak?
Neguan entsaiatzen dugu, urtarrilan hasi eta maiatza aldera arte astean bi aldiz entsaiatzen dugu eta errepertorioa prestatzen dugu.
Emanaldi asko izaten al duzue urtean zehar?
Martxoa eta apirila aldera hasten dira deika batera eta bestera joateko. Tenporada fuertea izaten da maiatzean hasi eta iraila artekoa. Gero urte hasieran Antiguon izaten dugu emanaldiren bat, San Sebastian egunean eta baita inauterietan ere. Urte bukaeran, San Martin inguruan ere izaten dugu emanaldiren bat. Gutxi gorabehera urtean 40-50 emanaldi izaten ditugu.
Lehen emanaldi gehiago izaten ziren, ezta?
Bai, berbenak asko jaitsi dira; orain lehen egiten genuenaren erdia egiten dugu. Orain astean zehar gutxi jotzen dugu, denak asteburuetan jotzea nahi dute, normalean larunbatetan, eta noski, asteak larunbat bakarra du. Lehen auzoetan-eta gehiago jotzen genuen, baina auzoetako jaiek ere behera egin dute eta trikitixa eta formato txikiagoko gauzak izaten dira orain.
Jotzen duzuen lekuen artean non izaten duzue harrerarik onena?
Denen artean Igeldoko jaiak dira onenak, aurten ere goizeko 06:45ak arte aritu gara. Ez dago horrelako plazarik, jotzen hasi eta aurreneko momentutik hasten da jendea dantzan. Ikusi gabe ezin da sinetsi. Egiako porrontxoak ere onak izaten dira eta baita Donostiako Kaiako festak ere. Antiguon ere harrera ona izaten dugu.
Estilo aldetik zein joera izan dute berbenek urte hauetan?
Leku batetik bestera ba al da alderik gustoetan?
Azkenaldian balsak, mexikanak eta fandangoak bueltatzen ari dira. Duela urte batzuk rocka modan jarri zen eta hortik tira genuen. Orain berriro ere bals, fandango eta mexikanak bueltatzen ari dira. Leku batetik bestera ere aldatzen dira joerak. Nafarroan zortzikoak, mexikanak eta horrelakoak ikaragarri gustatzen zaizkie.
Gauez eta festa giroan ibili beharra, nekosoa egiten al da?
Festa giroan beti aurpegi ona erakutsi behar da, nahiz eta barruan letxe txarra izan. Hala ere denboraldi fuertea 2 edo 3 hilabete besterik ez dira izaten.
Musika jartzaileek eta konpetentzia haundia egiten al die berbenei?
Bai egiten dute bai, ezin da haiekin konpetitu. Gu 4 edo 5 lagun gara eta soinu teknikariak ere bai. Disko jartzaileen saioak bi lagunekin ere egin daitezke. Hala ere, nik uste dut ez dela berdina zuzenekoa edo jarritako musika, neretzako ez du konparaziorik.
Gaur Martindegira gerturatzeko zer esango zenioke jendeari?
Esango nieke etortzeko, Martindegin martxa ona jarriko dugula.