Mendiriz mendi MENDIRIZ Mendi elkarteak irteerak egiten jarraituko du uztailean ere, orain Panticosa aldera joango dira, bertako balnearioetatik hasi eta Pont d´Espagne aldean bukatuko dute. Asteburu pasa ederra egiteko plana da mendizale elkarteak beste behin ere proposatu duena.
Nola iritsi Hernanitik
Hernanitik Andoainera joan. Bertan A-15 autobia hartu eta Iruñeko norabidea jarraitu. Iruñeko zeharbidea igaro ondoren, Noainen, Jaca-ra eramango gaituen N-240 errepidea hartu. Jaca-ko zeharbidea pasa eta gero Sabiñanigo aldera jo behar da. Horretarako N-330 jarraitu. Sabiñanigo inguruan, Sallent de Gallego eta Bielsara eramaten duen bidea, N-136, hartu. Bielsa pasa eta gero eta Escarrilla baino lehenago eskuinera jo, Panticosa herrira. Panticosa herrian sartu gabe, errepidea jarraitu (A-2606). Bidea Panticosako balnearioan amaitzen da
Ibilbidearen deskripzioa
Parkinga utzi eta Panticosako balnearioaren instalazioak zeharkatu behar dira (1640 m). Orain dela urte batzuk balnearioko sarrera irekia zen, baina gaur egun berritzen ari dira eta instalazioak partikularrak direla diote. Hori dela eta ez dute ibilgailuan sartzen uzten, horretarako hoteleko bezeroa izan behar zara. Casa de Piedra aterpearen atzean hasten da bidea. Ibilbideak Infierno eta Batanes arteko bailaran gora egiten du. Lehenengo zatian bidea zabala eta pintura gorri eta zuriz ongi markatuta dago, bide zati hau pirineoa zeharkatzen duen GR-11ren parte baita. Laster Bachimañako inguruetara iritsiko gara (1:30 h). Bachimaña iboiak balneariora jaisten den errekaren urak kontrolatzeko eraikiak izan ziren bi presa dira, baina gaur egun balnearioan dagoen zentral hidroelektrikoa hornitzeko ere erabiltzen dira. Lehenengoa txikia da baina bigarrena inguru hauetako handienetarikoa da. GR-11 jarraituz Ibon Alto de Bachimala ezkerreko aldetik pasatuko dugu eta bere amaierara iristerakoan ezkerrera, Cuello del Infiernora, doan bidea utzi eta eskuinera, ekialdera, egingo dugu (2:30 h). Ibon de Bachimaña Baxo aurrez topatzerakoan norabidea aldatu behar da berriro eta iparraldera jo. Aldapa malkartsua tokatzen da hemendik Marcadau leporaino (2580 m), baina nahiko azkar egiten da (3:30). Eguraldiak uzten badu hamaiketakoa hemen egingo da. Indarrak berreskuratu eta gero, bideari ekin behar zaio. Hemendik aurrera bide guztia beheraka da. Lepotik Wallon aterperaino (1885 m) bide malkartsua denez berehala jaisten da (4:30 h). Aterpeko ingurunea oso polita da. Wallon maiatza erditik iraila amaierara gordeta izaten den aterpea da. Data horietatik kanpo aterpearen zatitxo bat irekia egoten da (15 plaza ingurukoa). Aterpea Marcadau bailararen amaieran kokatuta dago. Ingurunea oso famatua da bere ur garbiengatik, inguruko pinudiengatik eta bere paisaje zoragarriagatik. Hori dela eta jende asko hurbiltzen da Pont D´Espagnetik bai udaran baina baita neguan ere (trabesia edo fondoko eskiekin). Bazkaldu eta gero, behera jarraitu behar da. Hemendik Pont d´Espagnera (1496 m) bide guztia baso barruan egiten da, erreka beti eskuinean utziz. Bidea nahiko laua da eta azken zati hau ordu pare batean egiten da.
Datu interesgarriak
Distantzia: 18 km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 1.000 m.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Noiz: uztailak 14, 15.
Izen emateko azken egunaz:
uztailaren 12a.