‘Giñi’ bandoleroaren lapurreta txalotua

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 1a, 02:00

144.000 ERREAL. Hori da 1800eko uztailaren 29an hogeitasei lagunek Hernaniko Kale Nagusiko etxe batetik atera zuten botina. Ali-Babaren ipuinetako lapurren abilezia berdinarekin, dirutza izugarria eraman zuten, alkabuzen polbora usainak eragiten duen beldurraz baliaturik. Dirua kontrabandista batzuei atzeman zieten Hernaniko ostatu batean, alkatearen aginduz, eta Udaletxean seguru ez baitzegoen, Xabier Ignacio Elizaldek gorde zuen Kale Nagusiko ´portal nagusian` zuen jauregian, propio egindako egurrezko kutxa sendoan. Lapurdiko trafikanteek ez zuten denborarik galdu ordea; dirutza hura erreskatatzeko Euskal Herriko taberna zuloetako pertsonaia liskarzale, arriskutsu eta pertsegituenengana jo zuten, eta horien buru zen Juan Joseph Ibargoien Giñi (1767-1804), Irungo Urruzenea baserriko semea.

Mikelete txapelgorritik, bandolero bizarbeltzera

Juan Joseph Ibargoienen bizitzak Euskal Herriko haran goxoetako baserri bukoliko batetan hasi eta bukatu beharko luke. Baina ez zen hala izan, gazterik aldendu baitzen Urruzeneako artasoroetatik, sastraka-ilunen arantzek zauritutako bizitzari ekiteko. Espainia eta Frantziaren arteko gerra izan zen Giñiren galbidearen hasiera. 1793an, Frantziatik zetorren aire iraultzailea geratzeko asmoz tertzioak osatu ziren Gipuzkoan. Baina nekazariz edo kaleumez osaturiko armada desarmatu batek nekez egingo zion aurre Frantziako gudaroste indartsuari eta horregatik bolondres batailoi bat sortu zuen Diputazioak, probintziako soldadu trebe eta gupidagabeenekin. Bada, Ibargoienen izena batailoi horretan aurkituko dugu, bere sena suharra elikatzen, borroka odoltsuen giroa arnastuz. Frantziaren kontrako Konbentzioko gerra bukatu zenean Diputazioak Mikelete Gorpua sortu zuen, delinkuentzia giro jasangaitza zapaltzeko. Giñi mikelete izan zen denbora batez, baina gero kontrabandoarekin hasi zen, kontrako aldeak uste baino gertuago izan ohi diren gisan. Lanbide honetan ezagutu zuen bere taberna eta kalabozo lagun Frantsez Txikia oiartzuarra eta harekin hasi zen lehenengo lapurretak egiten. 1797an Aramaion atxilotu eta Ferrolgo presondegian amaitu zuten; baina ihes egin eta Donibane Lohitzunera hanka egin zuten, bertako itsas-kortsoan beraiek bezalako gizonak behar omen. Kortsoko bizitzaz asperturik-edo, lapurretak eta segadak egiten jarraitu zuen Giñik bere lagunarekin Euskal Herrian barrena: Markinan, Aramako alkatearen etxean, errege-bidean... Asalto gehienak ondo prestaturikoak ziren eta jende gehiagoren laguntza izaten zuen normalean, aberats haundiusteei eginak batez ere. Esaterako, Astigarragako Perurena benta inguruan calesin gurdi batean zijoazen bi frantsez ustekabean harrapatu eta diru mordoa kendu zieten. Horrek Errenteriako alkatea erabat sutu zuen, eta bere amesgaiztoetako bandolero euskalduna ´ehizatu` arte ez zuen bakerik izan errenteriarrak; Giñiren etsai amorratuena izan zen.

Hernaniko asaltoa: bandolerismoak goia jo zuen eguna

Gutxik ezagutzen dute Hernanin 1800eko udara hartan gertatutakoa. Gure herria euskal bandolerismoaren mugarri bilakatu zen egun batez. David Zapirainek berriki idatzi duen Bandoleros Vascos (Ttarttalo) liburuan aktore nagusi dugu Giñi eta ´lapurreta ikusgarria` izan zela ematen digu aditzera idazleak. Mikel Alberdi historialariak ere ikertu du bandolero irundarra eta hara zer dioen Hernaniko asaltoari buruz: ´Ez zen lapurreta, berea zena errekuperatzea baizik`. Giñi kontrabandista lapurtarren enkargua jaso bezain pronto konfiskatutako diruaren erreskatea prestatzen hasi zen. Lagun leialenak ondoan, tratu zikinetan ibiltzen ziren zenbait pertsona engaiatu zituen asaltoan parte hartzeko. Uztailaren 26an, arriskuak ondutako bi dozena pasa gizon elkartu ziren Oiartzunen eta Hernani aldera egin zuten bizkor. Gure bandoleroa eskarmentuko gizona zen eta bazekien zertan zebilen; Ergobira iritsi zirenean talde txikitan banatzeko esan zien guztiei, han pasako zutela gaua, herria zelatatzen. Susmorik ez sortzeko, Urumeako erriberan zeuden belar eta zuhaiska artean ezkutatu ziren eguna argitu eta berriz ere ilundu arte.

Ekintza ordua: tiroka Kale Nagusitik

Aurpegia zapela eta ahuntz-larruz mozorrotu zuten batzuek, polbora eta pixaz egindako hautsez margotu besteek... Horrela sartu ziren Hernaniko kaxkora hogeitaseiak: eskopeta eta suzko armak eskuan, airera tiroak botatzen, beraien alkabuzak ziren lege orain. Agintariek dirua atzeman zuten ostatuari su eman ostean, Giñik zuzenean Elizalde jaunaren etxera joateko agindu zien bere lekaioei. Jauregi dotorea inguratu eta barrura sartu ziren jauntxoaren emazte eta neskameak paretik kenduz: ´Non dago gure dirua?` galdetzen zuten aldarte mehatxagarriz. Logelako kutxatzarra aurkitu bezain pronto aizkora batekin txikitu zuten kontenplaziorik gabe. Nolako algarak eta karraxiak dirua azaldu zenean! Baina Agustinetako kanpaiak jo eta jo zebiltzan ordurako eta ez zegoen ospakizunetarako denborarik, guardiak laster izango ziren bertan. Diru zakuak hartu eta Astigarraga bidera alde egin zuten, etxean ikaratuta gorde ziren herritarrak harri eta zur utzirik. Ondoren, erreskateagatik jasotako ordainsaria lagunen artean banatu zuen, bandolero-justiziagile on batek egingo lukeen bezala.

Atxiloketa eta enegarren ihesaldia kartzelatik

Hernaniko asalto ikusgarriaren berria laster zabaldu zen lau haizetara. Ordurako Giñi eta bere lagun Frantsez Txikia ezagunak ziren, baina lapurreta hartatik Euskal Herriko ´kriminal` arriskutsuenen zerrendako lehen postura igo ziren zuzenean eta agintariek gau eta egun pertsegitu zituzten. Lehenengo pista Goizuetan aurkitu zuten, Bartholome Agirre atxilotzean. Antza, edan-ttanttoz berotu omen zen, eta lagun bati aitortu zion Hernaniko lapurretan parte hartu zuela, gure bi bandoleroen izenak arduragabeki aireratuz. Gainera, Hondarribian lapur-taldeko beste kide bat atxilotu zuten; atxilotuen deklarazioak eskuan zituela, fiskalak esan zuen nahikoa zela hori Giñi eta bere jarraitzaileak ´urkamendira eramateko`. Irundarra Aramaio inguruan zebilela jakin zuen bere atzetik zebilen gizon-partidak, baina ezin izan zuten atzeman. Azkenean, joan-etorri askoren ondoren, Irungo errota batean harrapatu zuen, zeinek eta Errenteriako alkateak! Giñiren akabera gertu zegoen, baina errenteriarrak bazekien bere etsaia urkamendian ikusi arte ezer ez zela seguru. Izan ere, garai haietako kartzelak eta kalabozoak hutsaren hurrengoa ziren; bi aste lehenago preso batek ihes egin zien ´zazpi fazinerosoen laguntzaz`. Ibargoien bandoleroak lagun asko zituen, herritarren artean estimatua zen... Horrela, 1802ko maiatzean kalabozoko horma eskalatu eta alde egin zuen handik, zainketa egiten ari zen guarnizioa ergel-koadrila baten pare utzita. Garrotea Donostian Dena den, Giñik ez zuen askorik iraun libre, soldadu katalan batek preso hartu baitzuen berriro Irun inguruan. Ordurako Hernaniko justiziaren sententzia emana zegoen: garroteaz hilko zituzten, bera eta Bartholome Agirre hitzontzia. Preso egindako gainerako talde kideak, Frantsez Txikia barne, Filipinetara kondenatu zituzten urte luzez, lan fortzatuak egitera. Donostiako Motako gaztelua garai haietako presondegirik seguruena zen eta bertan geratu ziren kateaturik Ibargoien eta Agirre hainbat hilabetez. Izan ere, jurisdikzio arazo bat sortu zen, baina azkenean Errenteriako alkateak kasua bere menpe hartzea lortu zuen. 1804ko apirilaren 7an, Donostiako Plaza Berrian hil zituzten bi bandoleroak, agintari amorratuaren gorroto-aginduz. Lau orduz haien gorpuak ikusgai utzi zituzten eskarmentu bezala; hainbeste buruhauste eman zizkien bandoleroarenak egin zuen. ´Gaizkile` izatetik, istorio erromantiko baten protagonista izatera pasa zen Giñi.

XIX. mendeko makroprozesu bat: galdeketa erraldoia hernaniarren artean

Inkisizioaren makrojuizio bat bailitzan, Ibargoien bandoleroak eta bere jarraitzaileek egindako erasoak prozesu judizial erraldoia sortu zuen. Agintariek galdeketa ugari egin zituzten hernaniarren artean, asaltoa gertatu zenean zenbait bizilagunek izandako jokaera argitzeko. Ondorioz, ehundaka orriz osaturiko txostena gordetzen da gaur egun Hernaniko udal artxiboan (irudian). Badirudi lapurrek diru zakuak balkoitik botatzerakoan horietako bat hautsi egin zitzaiela eta txanpon ugari kalean behera sakabanatu zirela. Jakina, zenbaitek ezin izan zion hilabeteko jornala poltsikora sartzeko tentazioari eutsi: ´Baldosa bat mugiturik zegoela ikusi eta altxa nuenenean bi peso fuerte azaldu ziren...` dio Juan Agustin Errazkin izeneko batek, ´txanpona itzultzeko asmoz hartu nuen` Mikaela Zabalak... Zenbat kontu bi txanponen gorabeheran! Lapurreta txalotua Andrekaleko hainbat bizilagunek txaloka eta pozik hartu zuten Giñiren lapurreta hura, haien ustez zegokiena hartu besterik ez zuten egin bandoleroek; lapurreta baino, konfiskatutako diruaren erreskatea zela, alegia. Horretaz gain, artxiboan gordetzen den txostenak asaltoaren datu ugari ematen ditu. Erasotzaileak kantuan sartu ziren herrian eta alkabuzen tiroek etxeetako hormetan arrasto ugari utzi zituzten. Agustinetako apaizak kanpaiak jo zituen, herritarrak lapurretaz ohartarazteko; baina hura ez zen txantxetako kontua, ez zen inor azaldu kanpaien laguntza-joaldira, egin kontu, apaizak berak ere alde egin zuen beldurraren beldurrez... Izan ere, liskarretan zaildutako gaizkilea zen Giñi, legenda bat, eta Hernani bere legendaren barruan sartu zuen betirako 1800eko udara hartan, 144.000 errealen eta bi gizasemeren bizitzaren truke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!