Atzelariak aurrelariak baino gehiago izan ziren atzo Galarretan eta Thermotechnic torneoko txapelak eskuratu zituzten, azken momentuan ezustekoa emanda. 40-39 nagusitu ziren Urrutia-Lizaso, Zeberio II eta Ezkurraren kontra, partidu osoa atzetik joan eta gero. Atzelariak 27-35eko markagailua zutenean kontra, inor gutxik espero zuen txapelak irabaziko zituztela, baina hor hasi zen beren gorakada, eta 13-4ko partziala eginda, garaipena lortu zuten. Partiduaren gakoa atzeko koadroetan egon zen, eta Urrutia-Lizaso errebotearen bila aritu ziren lotsagabe.
Partidu nahaspilatsua
Emozionantea bezain nahaspilatsua izan zen atzoko partidua eta postu eta bikote aldaketa nabaritu zen. Migel Mari Urrutia atzelari hasi zen, baina Ezkurrari joko nahikorik kargatzen ez ziotela eta, aurrean jarri zen 22-14koarekin. Saldiastarraren indarra aprobetxatuta, pixkanaka Koteto Ezkurra menderatzea lortu zuten atzelariek, Zeberio II laguntzen saiatzen zen arren. Hala ere, Urrutia lan guztia harrika botatzetik gertu izan zen, 39-38 alde izanda aukera-aukerako pelota huts egin zuenean, 4garren koadroan. Azkenean, irabazi eta pozik azaldu zen: ´Partidu guztia atzetik joan ondoren poz haundiagoa hartu dugu`. Lizaso, berriz, bere postuan aritu zen baino pelota dezente galtzeko tarteak izan zituen, partidu bukaeran nahiko mejoratu zuen arte. Txisturen bat ere entzun behar izan zuen doneztebearrak.
Ezkurra eta Zeberio IIri eskutatik ihes
Ezkurra eta Zeberio IIk, beste munduko ezer egin gabe, nahiko kontrolatua zuten partidua, baina pixkanaka abantaila galtzen hasi ziren, eta azken tantuetan partiduak eta txapelek ihes egin zieten eskuetatik. Harridura momentuak izan ziren horiek zaleentzat eta lan haundikoak artekarientzat. Zeberiok lan haundia egin zuen Ezkurrari partidua arintzeko, baina horren ordainetan tantoa bukatzea kosta zitzaion aurrelarien bikoteari, batez ere partiduaren bigarren zatian. y