lAU urte uretatik kanpo egon ondoren indartsu uretaratu da berriro Hernani A.E.ko Elorrabi 1978 trainerua eta berak antolatutako XI. Hernaniko Ikurriñan bigarren izan zen, Castro Bren atzetik.
Castro B nagusi
Orioko uretan jokatu zen atzo Hernaniko Ikurriña, erlojuaren kontrako modalitatean. Bertan hamar traineru aritu ziren lehian eta denetan indartsuena Castro B izan zen. Kantabriarrak klub haundia dira eta arraunlari asko dituzte. ACTko traineruan lekurik ez duten arraunlariak ari dira B ontzian, baina lehen trainerurako urratsa eman nahi dutenak dira eta maila haundiko arraunlariak. Atzo lehenengo ziabogatik denbora onena jarri zuten eta Hernaniko bandera Kantabriara eramatea lortu zuten.
Hernani bikain traineruaren itzuleran
Hernani A.E.-k kuadrila polita bildu du berriz ere trainerua uretaratzea lortu duten urtean eta ilusioz dira klubean. Talde indartsua zela uste zuten arduradunek, baina beste traineruekin lehiatu nahi zuten benetan zein mailatan dauden ikusteko. Atzo zalantzak argitu zituzten eta ACR2 ligan goiko postuetan borrokan ibiltzeko moduko taldea dela baieztatu dute. Estropada ez zuten ondo hasi hernaniarrek eta lehenengo ziabogan 6garren postuan ziren, Castro Brengandik 3 segundutara. Hortik aurrera ordea, pixkanaka postuak errekuperatzen joan ziren eta azken luzea irabazleen denbora berean egitea lortu zuten, bigarren posturaino salto eginaz.
Gaur Donibane Lohitzunen
Taldeko arduradunak gustora agertu ziren atzoko emaitzarekin, batipat, arraunlari guztiak batera gutxitan ibili ahal izan direlako traineruan eta hobetzeko tarte haundia egon daitekeelako oraindik. Gaur eguerdian izango dute aukera berriz bere maila erakusteko, Donibane Lohitzuneko Ikurriñan, eguerdiko 12:00etan.
Arratsalde tristea
Estropadan dena ondo irten arren, Hernaniko arraunarentzat arratsalde tristea izan zen atzokoa. Fermin Etxeberriaren heriotzaren berri iritsi baitzen Oriora estropada jokoan zela. Fermin Etxeberria urteetan aritu izan da Hernaniko arraunaren alde lanean, arraunlari, patroi, direktibo eta hainbat lanetan. Aspaldian gaixo bazegoen ere ezustean harrapatu zituen notiziak arraunzale gehienak. Klubak doluminak adierazi dizkio familiari.
Sailkapena:
1. Castro B 22:06
2. Hernani Etxe Onenak 22:12
3. Busturialdea 22:16
4. Deusto-Tecuni 22:18
5. Portugalete 22:21
6. Getxo Sumisan 22:27
7. Arkote A.E. 22:36
8. C.R. Colindres 23:02
9. Hibaika A.E. 23:13
10. Raspas A.T. 23:26