Denboraldiaren oso balorazio positiboa egin du CDH-ko futbol sailak

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 30a, 02:00

´Oso urte ona` izan dela diote, alor guztietan. Gorengo mailako taldearen emaitza eta 1. mailako jubenilen igoera nabarmendu dute.

Futbol denboraldia bukatu da eta Kronikak CDHko Ricardo Ramos presidenteari balorazioa eskatu dio. Ramosek ´oso urte ona` izan dela adierazi du, alor guztietan, eta Gorengoaren denboraldi ona, 1. mailako jubenilen igoera eta zaleen laguntza azpimarratu ditu.

Gorengoarekin kontentu

Kirol arloan, Gorengo taldean jarri ohi dira begirada guztiak, eta aurtengo denboraldi onak oso pozik utzi ditu klubeko agintariak: ´taldearen esku zegoena egin da, eta, play-offa ere irabazi dute`. Presidenteak nabarmendu du, baita ere, plantilako giza kalitatea, eta esan du ´markatuta` utzi dituela bere elkartasunak: ´azken partiduan beren portaera eskertu nien direktibaren izenean`. Orain direktibaren helburua taldea mantentzea da eta datorren urtean igoeraren bila joatea. Horretarako, David Muñozekin jarraitzeko asmoa erakutsi du Ramosek.

Beste taldeak ere ondo

Beste taldeei dagokienez, klubetik nabarmendu dute 1. mailako jubenilaren igoera, `oso kanpaina ona eginda`, eta aurreratu dute beren entrenatzaile Jordi Telletxeak datorren denboraldian Liga Nazionaleko taldea hartuko duela. Neska taldeen denboraldia ere ona izan dela aipatu dute, biak igoera fasean sartu direlako, eta Ohorezko kadeteen papera ere azpimarratu du. Kronikak Ramosi Gorengoaren filial bat sortzeko aukerari buruz galdetu dio eta presidenteak adierazi du eskakizun bat jaso dutela, baina ez dela erraza izango. Zubipe erabiltzeko orduak eta entrenatzaile falta omen dira oztopoak baina hala ere adierazi zuen: ´ahal badugu egingo dugu`.

Zaleeen aportazioa, ´izugarria`

Ramosek zaleen aportazioa nabarmendu du eta ´izugarria izan dela adierazi du: Esaterako, Zarautzen aurka etxean eta Morazaren aurka, igoera fasean, zaleek asko bultza zuten. Zarautzen egunean, aspaldiko jende gehiena sartu zen Zubipen. Morazara bi autobus joan ziren zalez betea, bonbo eta guzti. Zaleen laguntza mantendu beharra daukagu`.

Denboraldi bukaerako bazkaria gaur

Talde guztiek batera gaur egingo dute denboraldi bukaerako bazkaria, Urnietako Oianume jatetxean. 14:00etan egin dute hitzordua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!