Joan den asteburuan Avilesen izan dira Maitane Iruretagoiena, Servando Rivas, Mikel Von Wichmann eta Eider Aldabe atleta hernaniarrak, jubenil mailako Espainiako txapelketan, eta bi domina lortu dituzte. Maitane Iruretagoienak zilarrezkoa lortu zuen 100 metrotan eta Servando Rivasek brontzezkoa mailu jaurtiketan.
Iruretagoienak zilarra eta marka ona
Larunbatean Maitane Iruretagoienak zilarrezko domina lortu zuen 100 metrotan eta eliminatorian txapelketako marka onena lortu zuen (12:14) eta Ostravan (Txekia) egingo den munduko txapelketarako minima lortu du. Denbora horrekin CD Hernaniko marka ere ondu du, orain arte Arantxa Bakerok zuena, 1988 urtean egin zuen 12:33 eginda. Finalean ezin izan zuen eliminatorian egindakoa errepikatu eta bigarren izan zen 12:27-eko denbora eginda.
Rivasek brontzea eta Euskadiko errekor berria
Servando Rivasek ere larunbatean izan zuen proba eta brontzezko domina lortu zuen. Bukaerara arte zilarrezko domina lortzeko borrokatzen izan zen eta 5 zentimetrogatik egin zion azkenean ihes. Rivasek 55:48-eko jaurtiketa egin zuen eta Euskadiko errekorra hautsi zuen, hirugarrengoz denboraldian. Mikel Von Wichmann eta Eider Aldabek ez zuten hain zorte ona izan Avilesen. Bidasoa klubeko atletek 12garren eta 13garren izan ziren, hurrenez hurren. Mikelek 800 metrotako finala korritu zuen igandean eta Aldabe, 7garren eliminatorian, ez zen sartu zentesima batzugatik.
Isabel Reyes Espainiako azpitxapeldun beteranoetan
Isabel Reyes CD Hernaniko mailu jaurtilariak bigarren postua lortu zuen Espainiako txapelketan joan den igandean Aguilan (Murcia). Reyesek beterano mailan hartu zuen parte eta 23,03 metroko jaurtiketarekin lortu zuen zilarrezko domina. Reyesek Kronikari esan dio ´oso esperientzi polita` izan dela eta ´ilusio guztiarekin`dagoela datozen txapelketerako. Abuztuan du hurrengo proba.