Sinadura biltzen ariko da gaur goizean Lokarri, herri kontsultaren alde

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 30a, 02:00

Herriz herri dabilen furgonetan Plaza Berrin egongo da 11:30etatik 13:30etara.

Lokarri, Akordioa eta kontsultaren aldeko gizarte sareak, herri-kontsulta baten aldeko sinadura bilketa jarri du martxan herriz herri eta gaur Hernanin izango da sinadura emateko aukera. Herri kontsulta baten aldeko sinadura bilketa izango da, eta ´gizarteak modu zuzen eta demokratiko batean bere iritzia emateko aukera izateko` helburua du Lokarrik berak jakitera eman duenez.

Hiru helburu nagusi

Herri kontsulta honek hiru helburu hauek hartu behar ditu kontutan Lokarrik azpimarratu duenez: 1) ETAk biolentzia bazter dezala eskatzea. 2) Bazterketarik gabeko elkarrizketaren alde egitea gure arazoak konpontzeari begira. 3) Bakean eta demokrazian oinarritutako akordio bat lortzeko beharra azpimarratzea.

Furgoneta gaur Plaza Berrin

Lokarrik furgoneta bat darabilki herriz herri, kontsultaren aldeko sinadura biltzen, ekainaren 8az gero. Asmoa da uztailaren 15era arte ibiltzea furgoneta eta gaur izango da Hernanin. Goizeko 11:30etatik eguerdiko 13:30etara egongo da furgoneta Plaza Berrin. Bertan, herritarrek sinadura emateko eta herri ekimenari buruzko informazio gehiago jasotzeko aukera izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!