Hernaniko Elorrabi 1978 trainerua prest dago uretarako, lau urtean lehorrean egon ondoren, eta arraunlariak berak ere gogo biziz ekingo diote gaur denboraldiari, Kronikari esan diotenez. Hernaniko arraun elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatutako estropada izango da ligako lehena gainera, gaur bertan, arratsaldeko 17:00etan, Orioko uretan. Izan ere, parte hartzen duen talde bakoitzak du estropada bat antolatzeko konpromezua. Gaurkoa erlojuaren aurkakoa izango da, eta 3 milatako distantzia izango du ibilbideak, bost kilometro eta erdi pasatxo. Gaurkoa lehen estropada denez, ontziak irtengo diren ordena zozketatu egingo dute delegatuek.
Hamar traineru
ACR2 mailan hasiko du ibilbide berria Hernaniko traineruak eta beste 9 talde izango dituzte aurkari: Arkote, Busturialdea, Castro B, Colindres, Deusto-Tecuni, Getxo Suminan, Hibaika, Portugalete eta Raspas. Talde guztien galdera da ondokoaren maila eta helburuak zeintzuk izango ote diren, ez baitute elkar gehiegi ezagutzen. Hernaniarrek mailaz igotzeko helburua badute izan, baina lortu litekeen edo ez jakiteko beste traineruen maila ikusi nahi dute lehenengoz. Hernaniarrek bloke nahiko polita osatzea lortu dute, elkarrekin gehiegi entrenatzeko aukerarik izan ez badute ere. Ligako lehen trainerua igoko da ARC1 mailara zuzenean, eta hurrengo bi taldeek promozioa jokatu beharko dute.
Bazkideei deia
Arraun elkarteak bazkide ugari zituen utzi zuen garaian eta aurtengorako batzuk animatu dira. Lehengo bazkideen zerrendak Aralar eta Oindi tabernetan daude eta interesatuek beren izena azpimarratzea nahikoa izango dute klubak berriz ere karneta egiteko. Bazkide ez zirenek baina egiteko prest daudenek beren izena eta datuak apuntatzeko aukera ere izango da. Klubak dei egin die herritarrei animatzeko, guztien beharra izango delako.
Babesle berriak
Traineru bat ateratzeak aurrekontu haundia du eta arraun elkarteak babesle sendoak behar ditu bazkideez gain. Etxe Onenak SA eta Oraune Promozioa SL izango dira babesle nagusiak traineruan bertan ikusi litekeen moduan. Hala ere, klubak adierazi digunez, babesle gehiagoren bila jarraitzeko asmoa badute, diruz oso justu baitabiltza. Horiez gain, herriko 7 taberna ere laguntzaile dira eta beren izena arraun muturrean ikusi liteke: Aralar, Oindi, Kixkal, Atxur, Zumitza, Tripontzi eta Joxe Mari.
Arraunean ibiliei ere deia
Trainerua atera arren, poliki poliki taldea sendotzen joatea da arduradunen helburua: gazteen traineruak atera, txikitxoenei arraunean erakutsi, ahal dela maila haundiagora igo eta abar. Horrek, ordea, giza baliabideak eskatzen ditu, gaur egun oso jende gutxi ari baita lanean. Arraunean ibilitako jendeari dei egin diote, gaztetxoei erakustera edo beste zeozertan laguntzera Elorrabira inguratzeko: ´besterik ez bada astean egun bakarrean etortzeko eskatzen diogu jendeari, pixka bat erakutsi eta Hernaniko arraunaren etorkizuna prestatzen hasteko` esan dio Batis Larburu delegatuak Kronikari.
Eraikinaren egoera
Denboraldi hasiera honetan arraun elkarteak azpimarratu nahi izan duen beste puntu bat eraikinaren egoerarena izan da. Dirudienez, euria egiten duenean erabat urak hartzen du ´igerileku baten moduan`. Kanaloiak zikinak daudelako omen da hori eta udal langileak abisatuak omen daude: ´badira 2 hilabete kanaloiak garbitzera etorriko direla esan zigutenetik, baina oraindik ez dira azaldu eta euria egiten duten bakoitzean izugarrizko ur pila atera behar izaten dugu gimnasiotik eta zorua-eta pentsa nola ari diren geratzen`.
Arraunlariak
Aitor Gorrotxategi. Imanol Etxabe. Iñaki Fraile. Iñigo Goñi. Ivan Perez. Joseba Labaka. Joseba M. Etxabe. Juan Jose Etxarte. Unai Quijera. Aitor Goñi. Beñat Korta. David Sainz. Igor Otero. Iñaki Nazabal. Xabier Agirre. Ivan Viaga. Lander Olano. Xabier Zabala. Jon Satrustegi. Iñigo Castillo. Iosu Osa. Arkaitz Azkue. Iban Maritxalar. Jon Ander Agirre.