Tiro eta arrantza txapelketa arrakastatsuak San Joanetan

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 29a, 02:00

Txantxangorri elkarteak egitarau bete-betea izan du aurten ere San Joan jaien bueltan, lau txapelketa antolatu baitituzte. Lehenengoa Colombaire Usakume tirokoa izan zen, Jauregin eta Jose A. Ezama errezildarrak irabazi zuen, 3 usakumetatik hirurak botata. Bigarren postuan Ignacio Etxezarreta Txantxangorrikoa gelditu zen, eta hirugarren, Juan Iraola, hiruna usakumerekin hauek ere. Txantxangorri barruko sailkapenari dagokionean, Ignacio Etxezarreta gelditu da aurrena, Gaspar Loidi bigarrena, eta Jesus Arrieta hirugarrena.

Parte hartzaile ugari

Gipuzkoako Kopa izaki, erruz inguratu zen jendea Jauregira, 142 parte hartzaile osatu arte. Hiru usakumetatik hiru bota zituztenak 12 izan ziren; bi botatakoak 44; eta bakarra botatakoak 53. Sari banaketa aurretik, Franchi eskopeta semi-automatiko bat zozketatu zuten eta laugarren postuan sailkatutako Aitor Garmendiari egokitu zitzaion. Plater tiroan Zerain nagusi Plater tiroko San Joan Saria ere antolatu du Txantxangorrik bazkideentzat eta Luis Mari Zerain izan da onena, aukerako 25 platerak jota. Bat gutxiagorekin Iñaki Urdanpilleta gelditu da bigarren, eta 22 platerekin Lazaro Oiarbide, Felipe Tejada, Asier Tejada, Errazkin eta Oskar Redondo. Guztira, 26 parte hartzaile izan dira tiraldian.

Kaina ez da karabina

Gaztetxoentzako Karabina tiro txapelketa eta Amuarrain arrantza txapelketa antolatu ditu Txantxangorrik aurten ere. Hernaniko Kronikak, kainabera eta karabina nahastu zituen joan den astearteko alean, arrantzaleen argazkia eta karabinako emaitzak atera baitzituen. Hamalau urtez azpikoentzako XVII. Amuarrain Arrantza Txapelketan, igandean, 24 neska-mutilek hartu zuten parte eta ia 100 amuarrain harrapatzea lortu zuten (haundiena ia 700 gramokoa izan zen Asier Tejadak harrapatua), eta guztiek lortu zuten piezaren bat harrapatzea. Amuarrain hauetako gehienak Foru Aldundiko guardek eta Txantxangorriko bazkideek askatu zituzten ostiralean. Hamalau urte artekoetan irabazlea Eneko Noriega izan zen, Ivan Mena bigarren, eta Arutz Taberna hirugarren. 12 urte artekoetan onena Asier Tejada izan zen, Julen Pagola bigarren, eta Alex Ugalde hirugarren; eta 10 urte artekoetan Diego Gonzalez izan zen arrantzale onena, Laura Mena bigarren, eta Asier Muñoa hirugarren. Karabina Tiroan, berriz, gazteentzako Miguel Ollo I. Memorialari dagokionean, Julen Mateok irabazi zuen 14-16 urte artekoetan; bigarren Amaia Mujika gelditu zen; eta hirugarren, Iñaki Gaztañaga. 13 urte artekoetan, berriz, Alex Ugaldek irabazi zuen; Alex Torres gelditu zen bigarren; eta Ivan Mena hirugarren. Parte hartzaile guztietan puntuaziorik altuena Alex Ugaldek lortu zuen eta berak jaso zuen irabazlearen txapela. Guztira, 31 tiratzaile izan ziren eta guztien artean zozketatu zuten karabina bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!