San Joan jaiak asteazken gauen bukatu ziren, Elur Txori eta Xalapartako ordezkariek bandera jaitsi eta gero. Udaletxeko balkoitik, San Juanetako omenduek ´bakean eta giro onean` pasa ditugula esan zuten beren hizketaldian. Udalak ere jaietako balorazioa egin du, ohi bezala, eta Marian Beitialarrangoitia Alkateak jakinarazi du nola ikusi dituen bere lehenengo jaiak kargu horretan. Beitialarrangoitiak balorazio positiboa egin du, ´dena erabat ondo joan ez bada ere`. Bere ustetan, ´giro bikaina izan dugu eta Hernaniko jaien ezaugarri nagusietakoa den kale giroa, alaitasuna ez dira falta izan`. Etorritako ´jendetza`, ere gogora ekarri du: ´gehienak ongi etorriak dira, jaiaz gozatzera hurbiltzen zaizkigun inguruko herrietakoak beti baitira ongi etorriak`. Baina ez ditu ahaztu asteburuan izandako kartera lapurretak eta bestelako gorabeherak, ´aurreko urteetan baino gutxiago` izan arren. Jose Manuel Ramirez udaltzain buruak Kronikari esan dio joan den larunbatean ´inoiz jaso dugun jende gehiena` izan dugula herrian eta, hala ere, ez dela arazo gehiegirik izan: ´lapurretengatik salaketa asko, hori bai`. Soinuari dagozkion kejak ere aipatu ditu ´04:00etatik aurrera eta erdiguneko etxeetakoak batipat`. Sokamuturraren gainean galdetuta, aipatu du zezenek ez dutela jende asko harrapatu, baina bi lagun ´larriki` zaurituak izan direla: ´jendeak jakitun izan behar du sokamuturra ez dela txantxetan hartzekoa` adierazi du.
´Herritar guztiek tokia izateko jaiak`
Marian Beitialarrangoitia Alkateak herritar guztiak tokia izateko jaiak defendatu ditu: ´Jakina da festetan askok ordu txikiak arte luzatzen dutela parranda, eta edaria eta bestelakoak lagun izaten dituela, horrek dakartzan gorabehera guztiekin. Udalak guztiak aztertuko ditu datorren urtera begira, parranda edo deskantsua nahi dutenek, jaia egunez eta gauez egin nahi dutenek, tokia izan dezaten elkar gehiegi oztopatu gabe`. Modu berean, ez ditu ahaztu nahi izan ´etxean norbait falta dutenak, festetan zaurituak edo edo etxeko norbait galdu dutenak` eta doluminak eta animoak eskaini dizkie, ´datorren San Joanak hobeak izango diren itxaropenarekin`. Bukatzeko, azpimarratu du Udal Gobernuarentzat bost egun hauek baliagarriak izan direla ´pilak kargatu` eta ´aurretik ditugun 360 egunak indartsu heltzeko`. Hemendik aurrera lana egitea dagokiela aipatu du, ´ea herriak emaitzak aurki ikusten dituen`. Marian Beitialarrangoitiak berriz ere azpimarratu nahi izan du herritarrek udaletxeko ateak beti irekiak izango dituztela.