Hurrengo urtera arte!

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 28a, 02:00

Atzo gauean, banderak jaitsita, bukatu ziren San Joan jaiak. Jende dezente ibili da aurten herrian, asteburuan batez ere.

Etxaferoarekin hasitakoa etxaferoarekin bukatuarazi zuten atzo gauean, Elur Txori eta Xalaparta elkarteetako kideek. Tartean, jai giroz eta poztasunez betetako bost egun eta gau, hainbat ekitaldi ikusi eta jendearen berotasuna sentitu dutenak. Euriak ere ez du hutsik egin nahi izan Hernaniko San Joanetan eta azken egunetan goizero izan da festan zebiltzanekin batera.

Aizkolariak, pelota partiduak eta San Joan Konpartsa

Atzo goizean izan ziren urteko azken Azeri Dantza eta sokamuturra, biak ere uretan bustiak. Azeri dantzan, emakumeak eta gizonezkoak batera atera ziren atzokoan sokan, San Joanetako azken egunean egin ohi duten bezala. Eguerdian, herri kirolak izan ziren Tilosetan eta aizkoran Donato Larretxea izan zen garaile. Bigarren Arrospide izan zen eta hirugarren Arria V. Urrezko aizkora txapelketarako puntuagarria zen proba eta orain Nazabalek jarraitzen du aurrena, eta bigarren Larretxeak. Arratsaldean, San Joan Konpartsa atera zen Hernaniko kaleetan, giro onean, eta ia ordu berberean, kiroldegiko frontoi berritua estreinatu zuten, pelota jaialdian. Bertan, Unanuek eta Belokik 22-16 irabazi zuten Olaizola II eta Oier Mendizabal hernaniarraren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!