San Joan Konpartsa gai jakinik gabe aterako da gaur

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 27a, 02:00

Salatu dutenez, Udalak ez die Karroza prestatzeko lokalik utzi.

SAN Joan Konpartsa aterako da gaur, baina aurten ez dute gai jakin baten inguruko konpartsa aterako, karroza egiteko lokalik gabe geratu direlako: ´Udalak esan zigun karroza egiteko genuen Udal lokala bota egingo zuela San Joanetarako. Hori gutxi balitz, ekainaren 8an esan ziguten lokala ez zutela botako, baina berandu zen karroza prestatzen hasteko` adierazi du San Joan Konpartsak. Horren aurrean erabaki dute konpartsa aterako dutela baina ez gai jakin baten bueltan. Aterako dutena da karroza moduko bat eta bertan herriko jende heldua eta haurren bat edo beste aterako dute baserritarrez jantzita. ´Karroza 18 urtetan atera izan da eta hor atera izan den jendeari ezin diogu hutsik egin` azaldu du San Joan Konpartsak. Konpartsa arratsaldeko 18:30etan aterako da plazatik, eta Kaxkoan zehar buelta egin ondoren Plazara iritsiko da 20:00ak aldera. Ibilbidean zehar geldialdi batzuk egingo dituzte eta musikoak, arin-arina eta fandagoa dantzatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!