Azken 17 urteetan bezala, San Joan Konpartsak Hernaniko historiarekin lotutako gai bat ezagutarazi nahi zuen aurtengo San Joan jaietan, azalpen-liburuxka bat banatuta eta karroza baten bidez gaia irudikatuta.
2005eko uztailean San Joan Konpartsak, Elur Txori elkarteak, Berriak-ek eta Ttarla dantza taldeak idatzi bat aurkeztu zuten Udalean. Idatziak honakoa dio:
1.-Ordura arte karrozak egiteko uzten zuten lokal partikularra erabili ezina. Ondorioz zenbait kultur ekintza egiten jarraitzeko ezintasuna.
2.- Honelako ekintzetarako Udalaren lokal baten beharra.
Kultura eta zerbitzu batzordearen aurrean egindako gestio ugariren ondoren, Akarregiko lokal bat erabili ahal izango genuela jakinarazi ziguten.
2006ko maiatzean, Udalak jakinarazi zigun urte berean bukaera aldera Akarregiko lokala bota egingo zutela... Lokala botatzeko epea bete ez zenean, Inauterietako eta San Joan festetako aurtengo batzordean, Konpartsak lokal honen egoeraz galdetu zuen, San Joanetan `SAN ANTONIO PARADOREA` antzeztu nahi baikenuen eta karroza egiteko aurretik bi hilabete beharrezkoak baitira.
Maiatzaren erdialdera, egoerak berdin jarraitzen zuela ikusita eta `berehala botako zuten` lokala erabili ezinik, San Joan Konpartsak aurreikusitakoa aldatzea erabaki zuen, Paradorrekoa beste urte baterako utziz eta `Euskal Herriko Baserritar jantzia` gaia atereaz.
Ekainaren 8an, Udalak jakinarazi zigun lokala uztailean botako dutela, eta ondorioz, San Joanetako karroza egiteko erabil genezakeela. Guk, gure aldetik, bi astek ezertarako astirik ez dutela ematen erantzun dugu.
Protesta moduan eta arreta handiagoa eskatzeko karrozaren plataforma ateratzea erabaki dugu. Modu honetan era grafikoagoan Hernaniko herritarrei arazoaren berri eman nahi diegu.
Hernanik, eta honela aldarrikatzen dugu, udal lokal bat behar du, besteak beste, era guztietako kultur taldeek ekintzaren bat egiteko karroza egin nahi dutenean (San Joan Konpartsa, Olentzero, Errege kabalgata, Kaldereroak, Inauteriak...) orain arte egin duten bezala egiten jarraitzeko, eta ezin bestean, bertan behera uzteko premiarik izan gabe.
Pepi Arrozpide, San Joan Konpartsaren izenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!